«Jazarpena pairatzen duten langileei kexak bideratzeko tresnak jarri behar zaizkie»

Sexu jazarpena edo jazarpen sexista sufritzen duen emakumeak aurrena gertatzen ari denaren kontzientzia hartu behar duela dio Fotinopoulouk. Ondoren, frogak bildu eta salatu egin behar du.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Emakumeek lanean sufritzen duten jazarpena aurreikusten zaila dela onartzen du Olga Fotinopoulou EHUko Lan eta Gizarte Segurantza Zuzenbideko irakasleak. Emakundek antolatutako Berdintasunerako tresnak erakundeetan izeneko jardunaldietan jazarpen horri aurrea hartzeko protokolo bat aurkeztu du.

Zer da sexu jazarpena eta zer jazarpen sexista? Zein da aldea?

Sexu jazarpenak helburu sexualak ditu. Alegia, mesede sexual bat bilatzen da, nolabait esateko. Jazarpen sexista, ordea, sexuarekin lotuta dago, baina ez du sexurik bilatzen. Esaterako, amatasun baimena hartu duen bati jazartzen banatzaio, jazarpena sexuarekin lotuta dago, baina ez du faktore sexual batek esku hartzen.

Nolakoa da jazarpen sexista? Zer egiten du jazarleak?

Modu asko daude. Jazarpen moralaren antza du askotan. Lehengo adibidera itzulita, amatasun baimena hartu duen emakumearena. Baimenetik itzultzen denean, esaterako, ez diot lanik ematen. Ezer egin gabe edukitzen dut egun osoan. Baimena hartu izanaz komentarioak egiten ditut. Halako zerbait izan daiteke.

Zer egin dezake jazarpena sufritzen duen emakume batek?

Lehen urratsa kontzientzia hartzea da. Ez da erraza emakume batek jazarpena pairatzen duela konturatzea, pertsonaren beraren izaerarekin eta kulturarekin lotuta ere bai baitago. Frogak lortu behar ditu, ahalik eta azkarrena, nahiz eta txikiak izan. Behin hori eginda, laguntza juridikoa eskain diezaiokeen norbaitekin harremanetan jarri behar du. Horrez gain, enpresari jakinarazi behar dio, batez ere langileen ordezkaritzari.

Zerk eragozten du emakume batek jazarpena salatzea?

Gehienbat lana galtzeko beldurra da. Lotsa egon badago, baina kontu intimoagoa izaten da. Krisi garai honetan, gehienbat lana galtzeko beldurra dute. Baina ez bakarrik sexu jazarpenaren kasuan, baita lana eta familia bateragarri egiteko arazoekin lotutako auzietan ere.

Jazarlea beti izaten da lan hierarkian gorago dagoen norbait, edo maila berekoek ere jazartzen dute?

Estatistikoki batzuek zein besteek igualtsu jazartzen dute. Datu zehatzik ez daukat, baina neurri berean ibiltzen dira. Lankideek, normalean, taldean jazartzen dute. Jazarpen sexuala gehienbat pertsona bakarrak egiten du, baina, jazarpen sexistan, lankideek taldean egiten dute.

Gutxi badira ere, badira goi karguetara iritsi diren emakumeak. Haien agindupean dauden langileen jazarpena jasaten dute?

Bai, noski. Nagusi izateak ez ditu salbatzen. Egia da proportzioan askoz gutxiago direla kasuak. Hein handi batean, horrelako karguak dituzten emakumeak ere oso gutxi direlako.

Zein da aurkeztu duzun protokoloaren oinarria?

Jazarpena hasten denean, kexak bideratzeko tresnak eman behar zaizkie langileei, eta hori da protokolo honen helburua. Oso zaila da jazarpena desagerraraztea, baina ezinbestekoa da gutxienez jazartzailea zigortzeko bitartekoak ematea.

Zer prebentzio neurri har ditzake enpresaburuak?

Legeak behartzen du horretara. Enpresaburuak enpresan arriskuak sortzea saihestu behar du; tartean, arrisku psikosozialak. Hortaz, plangintza bat eratu behar du horren inguruan, eta saihesteko neurriak ezarri. Egia da, hala ere, arrisku horiek identifikatzeko zailagoak direla.

Legeak aukera eta eskubide berdintasuna bermatzen du, eta ustez administrazioak hori betearazten du.

Aurkeztu dudan protokoloa administrazioa kontzientzia hartzen ari den adibide da; Emakundek bultzatutako ekimen bat da. Baina errealitatean berdintasunetik oso urruti gaude.

Nabarmena al da enpresa publikoan eta enpresa pribatuan lan egiten duten emakumeen lan baldintzetan dagoen aldea?

Bai, batzuetan dezentekoa. Arazoak ezberdinak dira batean eta bestean. Administrazio publikoan lan egiten duten emakumeek, adibidez, errazago dute lana eta familia bateragarri egitea.

Nabaritzen da Berdintasun Legea indarrean dagoela?

Bai, baina ez beharbeste. Legeak ez du miraririk egiten. Eboluzioari denbora eman behar zaio. Legeak ez du gizartearen kultura eta heziketa berehalakoan aldatuko. Jurista naizen aldetik, ez nuke horrelako eginbehar bat legearen esku bakarrik utziko. Gainera, lege horrek gabezia asko ditu.

Adibidez?

Lan arloari dagokionez, hainbat eskubideren idazketa hobetu zitekeen. Berdintasun Legeak idazketa hori hobetzea ahalbidetzen zuen, eta ez da aprobetxatu. Azkenaldian pil-pilean dagoen auzi bat aipatuko dut: edoskitze baimenarena. Gizonezko batek baimen hori hartu ahal izateko, umearen ama inoren konturako langile izan behar du. Bestela aitak ez du baimen hori hartzeko aukerarik. Horrelako arazoak konpon zitezkeen Berdintasun Legeari esker, baina ez da egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.