Heriotza

Jean Diharce 'Xabier Iratzeder' idazle, euskaltzain eta fraidea hil da

Hainbeste urtez bizitoki izandako Belokeko beneditarren monastegian hil da, 88 urterekin, gaixorik egon ondotik. Erlijio katolikoarekin zeukan engaiamenduan nabarmendu zen, baita euskararekiko maitasun eta atxikimenduan ere. Lan oparoa utzi du; batik bat, poesia arloan. Etzi izango da hileta elizkizuna, goizean.

2008ko urriaren 13a
16:47
Entzun
Jean Diharce Xabier Iratzeder (Donibane Lohizune, Lapurdi; 1920) idazle, euskaltzain eta fraide beneditarra hil da, 88 urterekin, luzaro gaixorik egon ondoren. Belokeko monastegian (Ahurti, Lapurdi) eman du azken hatsa, hainbeste urtez bizitoki izandako egoitzan. Belokeko monastegiko abade ere izan zen.

Hain zuzen ere, bizitzan zehar bi arlotan nabarmendu zen Iratzeder: batetik, erlijio katolikoarekin zuen engaiamenduagatik. 11 urterekin esan zuen etxean apaiz izan nahi zuela, eta hurrengo urtean hasi zituen ikasketak Uztaritzeko seminarioan.1941ean, 21 urterekin, egin zen fraide beneditar, eta 1972an Belokeko monastegiko buru izendatu zuten. 1987an Afrikan izan zen misioetan hainbat hilabetez.

Euskararekiko maitasun eta atxikimendua izan zuen beste ardatza. Koldo Izagirrek XX. mendeko poesia kaieretan aipatzen duenez, aitak apaiz izateko euskara ongi menderatu behar zuela ohartarazi zionean hasi zen hizkuntza lantzen, eta Uztaritzeko seminarioan Piarres Laffiterekin izan zuen harremanaren bidez areagotu zitzaion euskaltzaletasuna. Idatziz, batik bat, erlijio arloko poesia, bideratu zuen neurri handi batean euskararekiko atxikimendua.

Hainbat adituren iduriko lanik onena arlo horretan egin arren, Iratzederren obra ez da poesira mugatzen: bi antzerki lan, zenbait kronika liburu eta saiakerak ere idatzi zituen. Euskaltzain zen 1962tik.

Haren aldeko hileta elizkizuna etzi izango da, Beloken, Beneditarren komentuko elizan, 10:30ean hasita, Euskaltzaindiko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Informazio gehiago Literaturaren zubitegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.