Jeiki Egunak eginen dituzte Ipar Euskal Herriko herrietan

Herri bakoitzari egokituriko aldarri egunak antolatuko ditu Ipar Herriko gazte dinamika berriak

Gazte dinamika berriaren prentsaurrekoa, atzo. J.B.
Jenofa Berhokoirigoin.
Arrangoitze
2013ko uztailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Uda Jeiki Egunez josiko du Ipar Euskal Herriko gazte dinamika berriak. Besta eta gogoeta elkartuz, herri bakoitzak dituen arazoei irtenbide propioak atzemateko uneak izatea nahi du mugimenduak. «Kanpaina horrekin, gure dinamika zabaltzea, gazteei parte harraraztea eta giro aproposean elkarren ezagutza bultzatzea izanen dugu helburu», Koldo Etxegarai gazteak dioenez.

Atzo Arrangoitzen (Lapurdi) egindako prentsaurrekoan eman zuten kanpaina horren berri. Bertako auzapezak gay eta lesbianen ezkontza eskubidearen aurka izandako jarrera salatu zuten, bertara deituz prentsa. Lehen Jeiki Eguna Baionako besten karietara eginen dute, uztailaren 27an. Ondotik, Hendaia, Donapaleu, Senpere, Donibane Garazi eta Hazparnen eginen dira, besteak beste. Ezkertiar eta abertzale sentitzen diren gazte orori egina dute gomita.

Eztabaida irailerako bukatua

Dinamika marrazteko eztabaida eramaten dabiltza Lapurdi, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 120 bat gazte. Irailerako bukatzea espero dute, eta orduan erabakiko dute egitura bat sortu ala ez. Demokrazia parte hartzailean oinarriturik, oinarri ideologikoaz, ildo politikoez, baliabideez eta borroka moldeei buruz dabiltza eztabaidatzen. «Demokrazia partehartzailea hartu dugu oinarri, herriei garrantzia emanez, denen hitz eta parte hartzeaz, dinamika azkartu eta gazte problematikei aurre egitea lortuko dugula sinesten baitugu».

Xehetasunetan sartu gabe, Euskal Herriaren subirano- tasunaren eta euskal gizarte zuzen baten aldeko aldarriak marrazten dabiltzala jakinarazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.