EAJ. Eusko Jaurlaritzako lehendakarigaiaren hautaketa

Jeltzaleek Bakartxo Tejeria aukeratu dute Eusko Legebiltzarreko lehendakari izateko hautagai

Eusko Legebiltzarrerako EAJren hiru lurraldeetako zerrendak ere onartu dituzte Aberri Batzarrean

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. J. RUIZ / ARP.
Erredakzioa
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako lehendakarigaiaz gain, EAJko militanteek Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigaia eta lurralde bakoitzean legebiltzarrerako hautagai jeltzaleak ere aukeratu dituzte, eta atzoko Aberri Batzarrean berretsi egin zituzten hautagai horiek guztiak

Iñigo Urkulluren atzetik, hautagai garrantzitsuena Eusko Legebiltzarreko lehendakarigai zuten aukeratzeko militante jeltzaleek. Aberri Batzarrak atzo berretsi zuen eginkizun horretarako Bakartxo Tejeria, azken hiru legegintzaldietan Eusko Legebiltzarreko diputatu izan dena.

Bakartxo Tejeria Otermin (Donostia, 1971) Zuzenbidean lizentziatua da eta abokatua da lanbidez. EAJn egin du ibilbide politikoa, eta egun Gipuzko Buru Batzarreko kidea da. Villabonako(Gipuzkoa) zinegotzi eta alkate izandakoa, eta 2001etik Eusko Legebiltzarreko hautetsia.

Hiru legegintzalditan hainbat batzordetan aritu da. Azkenekoan Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Batzordean, Osasun eta Kontsumo Batzordean eta Erregelamendu eta Gobernurako Batzordean aritu da lanean. Eusko Legebiltzarreko VII. legegintzaldian besteak beste Emakume eta Gazteria Batzordeko lehendakariorde izan zen, eta VIII.ean, berriz, Nekazaritza eta Arrantza Batzordeko idazkaria.

EAJren baitan, Joseba Egibar GBBko lehendakariaren ildokoa da; zenbait iturrik esandakoa ukatuz, ordea, EAJn diote Tejeriaren izendapena ez dela izan Urkulluk Gipuzkoan ere babes zabala lortzearen ordainetan.

Lurralde bakoitzeko legebiltzarkide hautagaiei dagokienez, Aberri Batzarrak berretsi egin zituen lurraldeetan aukeratutako hogeita hamarna kideko —25na titular eta bosna ordezko— zerrendak.

Dena den, hautagai horiek zerrendetan joango diren ordena geroago erabakiko du EBBk. Jakina den gauza bakarra da Urkullu Bizkaiko zerrendako buru izango dela.

Bizkaian nahiz Gipuzkoan osatutako zerrendetan ezustekorik ez da izan BBB eta GBBren egungo zuzendaritzaren ildokoak baitira gehienak. Araban, aldiz, zerrendetan Xabier Agirre ABBko lehendakariaren ildokoak bezala aurreko lehendakari Iñaki Gerenabarrenaren ildokoak ere aukeratu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.