Nazioarteko Konferentzian «zerbait historikoa» bizi izan zuen sentsazioa dauka Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak (Hondarribia, 1972). LAB prest dago egin behar dena egiteko. Elkarrizketa eta akordioak lortzeko formulak zein izan behar duen argitzeke dagoen arren, era batera edo bestera sindikatuek ere parte hartu behar dutela argi dauka. ETAren iragarpenaren berri jakin aurretik egindako elkarrizketa da.
Nazioarteko eragileen parte hartzeak zer garrantzia du?
Handia. Egiten ari garen lana bultzatzen eta bideratzen du. Guztion artean irekitzen ari garen prozesua bultzatzen du. Eta behin betiko ixten du gatazkari konponbidea emateko egon den arazo nagusia: gatazka bera ukatzea. Existitzen ez dena ezin da konpondu. Ukazio historiko hori gainditzen ari gara. Horrek izugarrizko garrantzia du, konferentziaren dimentsioa neurtzeko.
Protagonista nagusiak alderdiak izan dira, baina sindikatu eta beste eragile batzuk ere egon zarete. Zein ekarpen egin dezakezue?
Sindikatuak han egoteak adierazten du langileriak prozesuan parte hartu behar duela eta aktibo bat izan behar duela. Langileek prozesu bat bultzatzea, jarrera aktiboa hartzea eta edukiko dituen oztopoak gainditzeko lana beren gain hartzea erabakitzeak ekarriko luke gizartearen gehiengoak horren alde egitea. Sindikatuok hori bideratu dezakegu. Tresna izan gaitezke. Bestetik, konponbidea lortuko bada, akordio asko eraiki beharko dira, eta hor sindikatu eta eragile sozialek zeresan handia daukagu.
Zertan?
Prozesua martxan jartzen bada, batzuk erabakiak hartzera behartzen ditugulako jarriko da. Batzuek ukatu egiten dute prozesu bat beharrezkoa dela. Gobernuez ari naiz. Gobernuak behartzeko mobilizazioetarako gaitasun handia daukate langileek. Guk beti esan dugu sindikatuak eskubide demokratikoen aldeko eragileak direla. Egoera berriak sortzeko gaitasuna dutela eta agenda politikoan eragina dutela. Horrelako konpromisoak hartu behar ditugu. Nazioartekoek ere hori pentsatzen dute, konferentziara gonbidatu gaituztenean. Protagonismoa eta erantzukizunak alderdi politikoek hartu behar dituzte, baina prozesu hau guztion artean atera behar dugu aurrera.
Alderdiez ari zarela, konferentzian PP falta zen. Zer duzu esateko?
Aukera honen aurrean entzungor egitea eztabaida politikotik eta errealitate politikotik kanpo gelditzea da. Euskal Herriaren gehiengoak aukera historiko baten aurrean gaudela pentsatzen duenean, aukera hori zapuzten saiatzea jendartearen kontra jartzea da. Baina, mantendu nahi duten blokeoa geroz eta pitzatuago dago. Konponbidea ukatzea geroz eta babes gutxiago duen estrategia da. Gaitasuna, indarra eta prestasuna dago blokeo horiek gainditzeko. Gure esku dago.
Denak irabazle ateratzeko prozesu batean denek parte hartu behar dutela entzuten ari gara egunotan. Zer egin daiteke haiek ere batzeko?
Behartu egin behar dira. Geroz eta gehiago bagara prozesu hau konponbidea betiko ekarriko duen prozesua dela sinesten dugunok, geroz eta gehiago izango gara prozesu honetan parte hartu behar dutela exijituko diegunak. Presioa egin behar da. Aukerak eta bitartekoak egongo dira. Larunbateko manifestazio erraldoia, adibidez. Momentu honetako erronkarik garrantzitsuena da, herritarrek ulertzea ez garela begiraleak. Prozesuak eskatzen dituen konpromiso, erabaki eta estrategia berriak behartzeko presioa egin behar dugunak gara. Onartezin egin behar dugu jarrera oztopatzaileetan mantentzea. Egiten ari garen bidean geroz eta gehiago izatea, antolatuago egotea eta geroz eta eraginkorragoak izatea da behar duguna.
Ebazpenean jasotako bost puntuak betetzeko aukerarik ikusten duzu?
Bost puntu horiek bete egin behar dira, eta aukera dago, prestasuna eta borondatea dauden heinean. Ez dut uste oraingoz borondaterik dagoenik bi gobernuen aldetik. Ez dakigu euskal eragileak prest dauden eta eskaintza politiko argirik daukaten akordioak eraikitzeko. Guk badakigu hori beharrezkoa dela. Ukaezina da urrats horiek egitera behartzen gaituen egoeran gaudela. Euskal eragileen eskuetan dagoena egiteko prestasuna badago, eta urrats horiek egingo dira, ez dagoelako euskal jendartearen kontra jartzeko aukerarik.
Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Erreakzioak. Ainhoa Etxaide. LABeko idazkari nagusia
«Jendarteak onartezin egin behar ditu jarrera oztopatzaileak»
Espainia eta Frantzia prozesuan parte hartzera «behartu» behar direla dio LABeko idazkari nagusiak, eta langileek egin dezaketela hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu