Gizartea

Jendaurrean erabili proiektua aurkeztu dute, erakundeen euskarazko komunikazioa laguntzeko

Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk elkarlanean egin dute. Iaztik Euskal Herriko bederatzi erakundek parte hartu dute, euskaraz komunikatzerakoan dituzten zailtasunak eta esperientziak partekatzen. Orain, fase publikoa ipini dute martxan, nahi duten erakunde guztiek parte hartu dezaten.

Ibai Maruri Bilbao.
2016ko irailaren 30a
09:46
Entzun

Praktika komunitate edo sare bat da Jendaurrean erabili. Gizartearekin daukaten euskarazko komunikazioa aztertzea eta hobetzea da asmoa. "Erakundeen beharrak kontutan hartu ditugu eta hori ikerketarako ere erabili da", azaldu du Soziolinguistika Klusterreko lehendakari Olatz Olasok. "Edozein erakundek euskarazko jendaurreko komunikazioan dituen zailtasunak gainditzea da helburua".

Iaz sortu zuten praktika komunitatearen muina. Bederatzi erakundek osatu dute: Adegi, AEK, Athletic, EHU, EITB, ELA sindikatua, Getxoko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bilboko Guggenheim Museoa. Prentsaurrekoetan eta ekitaldi publikoetan euskarazko komunikazioan dituzten oztopoak partekatu dituzte, eta horiek gainditzeko aurkitu dituzten tresnak komunean ipini dituzte.

Gaur bigarren fase bati ekin dio Jendaurrean erabili proiektuak. Bilboko Bizkaia Aretoan egindako aurkezpenean, parte hartu nahi duten erakunde guztiei zabaldu diete sarera gehitzeko aukera. Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburordetzak lankidetza hitzarmen bidez lagundutako proiektua da. Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Mikel Irizarrek prentsaurreko eta ekitaldietan euskara erabiltzeko protokolo komun bat sortzearen aldeko apustua egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.