Atzo Joxan Lizarribarren hil kaperan gertatu zen moduan, gaur ere jendetza batu da Donostiako Espiritu Santua elizara, haren omenezko hileta elizkizunera. Lizarribarren senide, lagun eta lankideekin batera, euskalgintza, kultura eta politika arloko jende ugari bildu da.
Elizkizuna hasi baino hamar minutu lehenago jada bete egin dira elizako aulki guztiak, eta jendea zutik pilatu da. Bete da eliza, eta ateak ireki dituzte, atarian direnek ere entzun ahal izan dezaten. Jesus Guridiren Diez melodias vascas obrako Religiosa-rekin hasi da hileta meza.
Ainhoa Artetak kantatu du hasierakoan, eta Donostiako Orfeoiko hainbat kidek ondoren. Agur, Jesusen Ama kantatu dute amaieran.
Hiletan izan direnen artean daude Joanmari Irigoien idazlea, Ainhoa Arteta abeslaria, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohia eta Juan Antonio Urbeltz folklorista.