'18/98 +' taldeak ekitaldi jendetsua egin du gaur goizean Donostiako Kursaalean. "Sumario politikoetan" auzipetuta eta inputatuta dauden guztiak izan dira bertan, eta baita beraien lagunak ere. Jende ezagun multzo ederra ere bildu da, eragile politiko, sindikal, sozial eta abarren artean. Han ziren, besteak beste, EAJko EBBko lehendakari ohi Xabier Arzallus, EAJko GBBko lehendakari Joseba Egibar, Batasuneko bozeramaile Arnaldo Otegi eta Josema Permach, EAko Alberto Unamunzaga, ABko Mertxe Kolina, Elkarriko Maixux Rekalde, Emakundeko zuzendari Txaro Arteaga, LABeko idazkari nagusi Rafa Diez, CCOOko Lan Osasuneko arduradun Jesus Uzkudun, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko abokatu Jon Enparantza, 'Berria'-ko zuzendari eta 'Egunkaria'-ko zuzendari ohi Martxelo Otamendi, eta 'Egin'-eko zuzendari ohi Javier Salutregi.
Musika, bertsolariak eta abesbatza izan diren ekitaldian, Jose Mari Elosua abokatuak esan du, auzi horietan "eskubide urraketa larriak" egin direla.
Maite Ariztegik ere hitz egin du, eta azken egunetan, hainbat "bidegabekeri" izan direla salatu du: "Prozesatuen berme juridikoak alde batera utzi eta gehiegikeria izugarriak ari gara ikusten egunero: behin behineko espetxearen gehiegizko erabilera, 700 milioi pezetatik gorako berme zentzugabeak, tortura eta tratu txarrak, defentsa eskubidea edo eta euskara bera erabiltzeko eskubideari ere lotsagabeki barre egiten zaio".
Eskubideak pertsona guztienak direla gogoratu du, bestalde, Mariano Ferrer kazetariak.
18/98 sumarioa