Oihartzun handia izan zuen atzo Iruñean Herrira mugimenduak egindako deialdiak. Jendetza bildu zen gaixotasun larriak dituzten euskal presoak aska ditzatelaeskatzeko. Hori zen protestaldiaren lelo nagusia: Gaixotasun larriak dituzten presoak herrira. Iheslariak itzultzearen, euskal presoak Euskal Herriratzearen eta amnistia ezartzearen aldeko oihuak ere izan ziren. Eritasun larriak dituzten hamalau euskal presoen senideek eraman zuten manifestazioaren pankarta nagusia. «Kezkatuta» eta «larrituta» daudela esan zuen Kontxi Gonzalezek manifestazioaren bukaeran. «Gaixotasun psikologikoak, bihotzeko arazo larriak edo minbizia duten pertsonak kartzelan edukitzea ez da onargarria, ezta justua ere. Egoera krudela eta ankerra da».
Suizidioaren aurkako protokoloan da Txus Martin presoa, etaharen neska-laguna da Gonzalez; egoera konpontzeko premia azpimarratu zuen bere hitzaldian. «Gure senideek kalean behar dute. Hori da osasun profesionalen iritzia. Larria da haien egoera, eta kartzelan ezin dute tratamendu egokirik jaso. Ez genuke atzera ezina den ondoriorik aipatu nahi, baina, horretarako, lehenbailehen hartu behar dira neurriak. Hau da, kaleratu egin behar dituzte lehenbailehen».
Txalo zaparrada handi batekin abiatu zen manifestazioa, Golem zinematik. Furgonetatik animatu zuen jendea Fran Balda Herrira mugimenduko kideak: «Euskal Herrian oso jende gutxi dago egungo espetxe politikaren alde, baina gutxi horietako batzuk hemen daude, eta entzun egin beharko gaituzte». Ozen entzun ziren ibilbide osoan manifestarien oihuak. «Preso gaixoak etxera», «iheslariak etxera», «salbuespen legerik ez» eta «presoak kalera, amnistia osoa» izan ziren aldarrikapenetariko batzuk. Jende artean baziren sakabanaketaren aurkako kartelak ere.
Luzea izan zen Iruñean izandako ordezkari politikoen zerrenda: Amaiur koalizioko Xabier Mikel Errekondo eta Sabino Cuadra, ezker abertzaleko Pernando Barrena eta Txelui Moreno, Eusko Alkartasunako Maiorga Ramirez eta Koldo Amezketa, Aralarreko Asun Fernandez de Garaialde eta Aritz Romeo eta Bilduko Bakartxo Ruiz. Horiek, besteak beste.
Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak adierazi zuen Euskal Herriko prozesu politikoak aurrera egin ahal izateko «lehenbailehen» hartu behar direla espetxe politikari buruzko neurriak. «Beharrezkoa da gaixo diren presoak askatzea. Ezezkoan daude agintariak, baina ziur gaude baiezkora ekarriko ditugula. Presio politiko eta sozialarekin soilik lortuko dugu bake eta normalizazio prozesuak aurrera egitea».
Presioaren beharraz
Momentu «erabakiorra» eta «kritikoa» da egungoa Xabier Lasa Aralarreko kideak azaldu zuenez, eta nabarmendu zuen horregatik agente guztiak hartu behar direla kontuan. «Negoziatu egin behar da, eta presoen gaiak mahai gainean egon behar du». Maiorga Ramirez EAko kidearen ustez, «premiazkoa» da espetxe politikan aldaketak egitea. «Gatazkaren ondorioak humanizatu egin behar dira, eta gizalegezkoa da eri diren presoak kaleratzea». Sabino Cuadra Amaiur koalizioko kideak animo deia egin zuen. «Bide onetik goaz, eta presioa egiten jarraitu behar dugu».
Hamabost preso askatzeko eskatzen zuen manifestazio buruan zihoan pankartak, baina, ostegunaz geroztik, hamalau dira eritasun larriak dituzten euskal presoak. Ostegunean eman zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Parot doktrina izenez ezagutzen den 197/2006 doktrinaren aurka jarritako helegiteen gaineko ebazpena. 28 euskal presok aurkeztu zuten helegitea auzitegian, baina hiru baino ez ditu hartu kontuan Konstituzionalak. Jose Mari Perez, Juan Mari Igarataundi eta Jose Ignacio Gaztañagarenak. Kalean daude orain hirurak, eta, hain zuzen ere, bihotzeko arazoak zituen Perezek, eta hura zen orain bi egunera arte pankartan ageri zen hamabosgarren presoa.
Manifestazioan izan zen Parot doktrinaren eta Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren aurkako aldarrikapenik. «Betiereko zigorra» baimendu zuen Auzitegi Konstituzionalak osteguneko erabakiarekin, Fran Balda Herrira mugimenduko kidearen hitzetan. Eta manifestazio bukaeran eman zuen hitzaldian azaldu zuenez, gizarteak eskatzen duenaren aurka hartu zuen, gainera, erabaki hori. «Herrialde honen gehiengoak jarraitu nahi duen bidearen aurka doa erabakia. Barrikada bat da aurrera egin nahi duen gizarte batentzat. Baina haren gainetik pasatuko gara». Presio soziala da horretarako bidea, Baldaren esanetan. «Mugimenduarekin egingo diogu aurre immobilismoari». Mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuen, eta Parot doktrina salatzeko apirilaren 14an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera animatu zituen manifestariak.
«Mendeku usaina»
Egungo espetxe politikak «mendeku usaina» du, Baldaren hitzetan, eta «gerra politika» baten ondorio da. «Non dira giza eskubideak? Zertarako dauzkate presoak beren herritik 1.000 kilometrora? Zertarako nahi dute Iñaki Erro Almeriako operazio gela batean kondena osorik betea badu? Zergatik dago Txus Martin kartzelan suizidioaren aurkako protokolo batekin?». Hori kartzelan mantentzeko legedia «bihurritzen» dabiltza Espainia eta Frantziako gobernuak. «Baina denek dakite askatu egin behar lituzketela». Eskaria «urgentziaz» egiten dutela azaldu zuen Baldak. «Euskal preso politikoen aurka ezartzen diren salbuespen legeek egunero milaka pertsonaren sufrimendua sortzen dutelako».
Gaixotasun larriak dituzten hamalau presoen izen-abizenak irakurri zituen Garazi Subiza Herrira mugimenduko kideak manifestazioaren amaieran, eta txalo zaparrada batekin erantzun zuten manifestariek. Eta beste txalo zaparrada bat izan zen orain egun batzuk Kuban hil zen Luxiano Eizagirre iheslariari aipamena egin ziotenean ere.
Jendetzak eskatu du gaixo dauden presoak askatzeko Iruñeko kaleetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu