Lokarri herritar sareak jakinarazi duenez, Jimmy Carter AEBetako presidente izandakoak, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak eta George Mitchell AEBetako senatari ohiak atxikimendua eman diote astelehenean Donostian Nazioarteko Konferentzian sei buruzagik ateratako ebazpenari, bakoitzak bere adierazpena eginda. 18:15ak aldera jakinarazi du berria Lokarrik.
Herritar sareak dioenez, Carterrek esan du bat egin duela "munduko buruzagi ohi batzuek Espainiako euskal erregioan" egin zuten adierazpenarekin. "ETAren, Espainiaren eta Frantziaren artean elkarrizketa gauzatzeko eta erregioak aspaldidanik pairatzen duen gatazkari amaiera" jartzeko dei egin du AEBetako gobernuburu ohiaren idatziak. "Ahalegin honek merezi du nazioarteko komunitatearen ahalegina".
Blairren adierazpena bere bulegoko eledun batek helarazi du: “Tony Blairrek sostengu irmoa eman dio
Donostian buruzagiek jakitera emandako ebazpenari, zeinetan jarduera armatua betiko uzteko eskatzen zaion
ETAri. Europako azken gatazka armatuari amaiera emateko aukera-leiho bat dagoela uste du eta aukera hau
baliatzera deitu ditu buruzagi politiko guztiak”.
Mitchell: "Nire erabateko sostengua erakusten diot atzo Donostian nazioarteko buruek jakitera emandako ebazpenari. Garrantzitsua da ahal diren neurri guztiak hartzea Europako azken konfrontazio armatuaren amaiera
gauzatzeko. Bat egiten dut jarduera armatu ororen amaiera publikoki iragartzeko eta gatazkaren ondorioei
heltzea xede Espainiako eta Frantziako gobernuekin elkarrizketak bilatzeko ETAri egindako
eskaerarekin. Bake iraunkorra lortzeko aukera bat dagoela uste dut eta interesa dutenek aukera hau balitu
beharko lukete”.
Soslaiak
Carter (AEB, 1924), 1977-1981ean izan zen Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuko presidente. 2002an Bakearen Nobel saria jaso zuen, nazioarteko gatazka politikoak konpontzeko egindako saioengatik.
Blair (Eskozia, 1953), 1997-2007 artean izan zen Erresuma Batuko lehen ministroa, eta Ipar Irlandako bake akordioan parte hartze zuzena eduki zuen. Gaur egun Ekialde Hurbileko bake prozesuan dabil lanean.
Mitchell (AEB, 1933), 1980etik 1995era izan zen bere herrialdeko senatari. Barack Obama AEBetako Gobernuaren ordezkaria da Ekialde Hurbilean.
Kofi Anann, Gro Harlem, Bertie Ahern, Pierre Joxe, Gerry Adams eta Jonathan Powellen ebazpena
Bakearen Etxean izan zen Nazioarteko Konferentzia, eta Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohiak, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohiak, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohiak, Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak eta Jonathan Powell Erresuma Batuko kabineteko buru ohiak euren ebazpena irakurri zuten amaieran.
ETAri dei egiten zioten "jarduera armatuaren behin betiko amaiera" iragartzeko eta, horren ondoren, Frantziari eta Espainiari "gatazkaren armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko". Halaber, eragile politikoei ere dei egin zieten: gai politikoei buruz hitz egin dezatela, eta lor ditzaketen emaitzei buruz herritarrei galdetu diezaietela.
Euskal Herriko eragile askok hartu zuten parte konferentzian. Tartean, PSE-EEk, eta PS, UMP eta Modemeko ordezkariek.
Konferentziaren sustatzaileak
Lehengo astean aurkeztu zuten Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko Nazioarteko Konferentzia. Hauek dira ekimenaren sustatzaileak: Berghof Foundation, Conciliation Resources, The Desmond and Leah Tutu Legacy Foundation, Harremanetarako Nazioarteko Taldea (Euskal Herria) eta Lokarri.