Etxegabetzea

Joaquik giltzak eman ditu, Etxebidek mehatxu egin ondoren

Indarkeria matxista salatu zuen emakume bat etxegabetu dute Bilboko Abusu auzoan. Hari tratu txarrak emateagatik kondenatutako gizonari emango diote.

Ertzaintza, Joaquiren kaleratzea oztopatzeko bildu diren bizilagunen aurrean. FOKU
gotzon hermosilla
2021eko azaroaren 25a
09:17
Entzun

Senarrarengandik tratu txarrak jasan zituen emakumeak etxegabetu nahi dutenei giltzak ematea erabaki du azkenean. Goiz osoan izan dira Joaqui eta auzoko bizilagunak etxegabetzea oztopatu nahian, baina azkenean giltzak eman ditu, Batu Elkarlaguntza Sareko kideek jakinarazi dutenez, Etxebidek mehatxu egin ondoren: kaleratzea gelditzen saiatuz gero, ez diotela emango eskainitako etxebizitza.

Goizean goizetik, hainbat lagun bildu dira gaur Bilboko Abusu auzoan. Ertzaintza aurreikusi baino ordu eta erdi inguru lehenago joan da –berez, 08:30ak aldera zegoen aurreikusita–. Etxegabetzea oztopatzeko, Batu Elkarlaguntza Sareko zenbait kide itxi dira barruan. Sarrailagileak uko egin dio atea irekitzeari, eta beste bati deituko diotela esan dute.

Etxegabetze soil batetik haragoko faktore batzuengatik ere sortu du harrabotsa auziak: Joaquiri etxebizitza kenduko diote hari tratu txarrak emateagatik kondenatutako gizonari emateko, noiz eta Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Joaquiri eta haren familiari babesa adieraztera joan den jendearen erantzuna nabarmena da. «Ezetz, ezetz, ez garela beldur», esan dute, ertzain gehiago etorri direnean. Oihuka eta zarataka aritu dira etxegabetzea gelditzeko asmotan.

Erasotzailerik ez dute nahi auzoan

Kazetarien aurrean ere mintzatu da Batu Elkarlaguntza Sareko kide bat: «Joaquik tratu txarrak salatu zituenean, bi urtez bizkartzaina jarri zioten. Orduan babestu zuten ertzainek gaur erasotzaileari lagunduko diote etxea kentzen». Halaber, salatu du Joaquik tratu txarrak salatu eta etxetik alde egin zuenean erasotzailea auzoan ibili zela haren bila aizto handi batekin. «Auzokideek ez dute nahi erasotzailea auzora itzultzerik», azpimarratu du.

Gaineratu du etxebizitzaren arazoan eragina dutela klaseak, arrazak eta sexuak: «Klase, arraza eta genero ezaugarriak ditu, eta emakume aurpegia dauka. Gure asmoa da epaitegiaren batzordea datorrenean haiekin negoziatzea. Helburua da Joaqui etxean gelditzea».

«Nire izena Joaqui da, eta hauxe da nire istorioa»

Batu Elkarlaguntza Sareak denbora darama Joaquiren egoera salatu eta gizarteratzen. Hain justu ere, duela gutxi zabaldu dute Joaquiren beraren testigantza jasotzen duen pilula bat sare sozialetan. Bertan, bere erasotzailearengandik jasan behar izan duena kontatzen du, eta azaltzen du zerk eraman duen une honetan etxegabetua izateko arriskuan egotera. Horrekin batera, dei egiten du gaur, azaroaren 25ean, Bilboko Abusu auzora joan eta etxegabetze prozedura geldiarazten laguntzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.