Politika

Jon Anzaren etxea miatu dute jendarmeek, Ahetzen

Duela astebete salatu zuten senideek eta abokatuak Donostiako preso politiko ohiaren desagerpena. Baionako prokuradoreak ikerketa polizia judizialaren esku utzi du eta horren harira etorri da gaurko miaketa. Anza apirilaren 18tik dago desagertuta, eta ETAk Espainiari eta Frantziari egotzi die gertaera. AAMk biharko Hendaian manifestazioa antolatu du eta asteburuan herritar brigadak bilatze lanetan ariko dira.

2009ko maiatzaren 22a
18:26
Entzun
Frantziako Poliziak Jon Anzaren (Donostia, 47 urte) etxea miatu du gaur, Ahetzen (Lapurdi). Duela astebete salatu zuten Anzaren senideek eta Maritxu Paulus Basurco abokatuak preso ohiaren desagerpena, eta Baionako prokuradorearen aintzinean salaketa jarri zuten. Honek salaketa aintzat hartu eta ikerketa polizi judizialaren esku utzi du.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) bultzaturik, asteburu honetan hasiko dira herritar brigadak Anzaren bila. "Baiona eta Tolosa (Okzitania) arteko tren geltokietan eta inguruko txokoetan kartelak jarriko dira eta eskuorriak banatuko dira Jonen aurpegiarekin. Bere inguruan egon daitekeen informazio guztia jasotzeko telefono zenbaki bat egongo da beraietan", dio elkarteak.

Bihar, berriz, manifestazioa egingo dute Hendaian (Lapurdi), AAMk antolatuta; Kasino zaharretik abiatuko da, 17:00etan.

Apirilaren 18tik dago desagertuta Anza, eta ETAk joan den asteazkenean Espainiari eta Frantziari egotzi zien gertaera.

21 urtean preso egon zen, ETArekin lotura izan zuela leporatuta, eta duela sei urtetik Ahetzen bizi da. Minbizia dauka eta apirilaren 24an hitzordua zeukan Baionan, medikuarekin. Aurretik, apirilaren 18an, Tolosara (Okzitania) lagun batzuk-eta ikustera joateko Baionako tren geltokira lagundu zion neska-lagunak. Bost egun geroago Ahetzera itzuli ez zela-eta, bikotekidea “kezkatzen” hasi zen eta geroztik Anzaren arrastorik ez dute ukan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.