Jon Bilbao Moro (Astrabudua, Erandio) euskal presoa bihar utziko dute aske, Alacanteko espetxean (Herrialde Katalanak), ia 29 urtean Espainiako Estatuko kartzeletan preso eduki ostean, gaur goizean Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez.
1982ko urtarrilaren 15ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Bilbao Moro, ETArekin lotuta. Bederatzi egunez izan zuten inkomunikatuta, eta "tortura izugarriak" egin zizkiotela salatu zuen, AAMk dioenez. 30 urteko kartzela zigorra jarri zioten, ETAko kidea izatea egotzita. Harekin batera atxilotu zituzten lagunak duela hamar urte irten ziren kalera, zigor espetxea bera zuten arren. "Jonek ere aspaldi behar zukeen kalean, legez onartutako erredentzio eta baldintzapeko askatasunaren aplikazioarekin", dio AAMk.
1991ko maiatzaren 20an ihes egiten saiatu zen Mallorcako espetxetik, Joxean Kortadirekin batera, eta saiakera harengatik bi hilabeteko kartzela zigorra jarri zioten. "Aitzakia horrekin, garai hartako erredentzioak handik aurrera jasotzeko aukera kendu zioten, legez horrela egin ezin bazen ere. Kortadi 2004an kaleratu zuten, espetxean 22 urte egin ondoren. Bilbaori, ordea, ihesaldiaren aurretik eskuratutako erredentzioak baino ez dizkiote ezarri".
Jon Bilbao Morok ia espetxealdi osoa lehen graduan egin du; bakartuta eta isolatuta eduki dute denbora askoan.
1982an Carabanchelen kartzelatu zuten, eta harrezkero hainbat espetxetan eduki dute. Alacantekoan 2006ko otsailaren 8tik aurrera daukate.
Jon Agirre eta Jose Mari Sagardui Gatza dira espetxean urte gehien daramaten euskal presoak: aurrenak 29 urte, bigarrenak 30.
euskal presoak
Jon Bilbao Moro bihar utziko dute libre, ia 29 urtean preso eduki ostean
Harekin atxilotu zituzten lagunak orain hamar urte irten ziren kalera, zigor espetxea bera zuten arren. Ia kartzelaldi osoa lehen graduan egin du; bakartuta eta isolatuta eduki dute denbora askoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu