Politika

Jon Jauregi: "Aralar eta AB gure Udalbiltzako kide egitea lortzea da egungo zuzendaritzaren helburuetako bat"

Jon Jauregi Beasaingo (Gipuzkoa) alkate zenak Julian Eizmendi Azpeitikoaren (Gipuzkoa) esku utzi berri du EAJ-EAren Udalbiltzako lehendakaritza. Nolanahi ere, erakunde horren balioa azpimarratu du Jauregik Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, eta egungo zuzendaritza batzordearen helburuetako bat Aralar eta AB Udalbiltza horren baitara biltzea dela adierazi du. Batasunaren inguruko Udalbiltzako kideek eta ezker abertzaleko hautetsi ohiek egindako kritikak ez direla "logikoak" esan du, eta Udalbitza bakar bat berreskuratzeko ETAren jarduna bertan behera geratzea ezinbestekoa dela.

2003ko azaroaren 11
15:18
Entzun 00:00:00 00:00:00
"Udalbiltzaren oraingo zuzendaritza batzordearen helburuetako bat Aralar eta AB gureganatzea da. Beraiek nahi izan dute gutxinaka ikusi gure dinamika eta lana nondik norakoa den, eta denborak esango du sartzen diren edo ez. Nik uste dut oso interesgarria izango litzatekeela alderdi horiek gurekin bat egitea", adierazi du Jauregik. Izan ere, larunbatean EAJ-EAren Udalbiltzak egin zuen batzarrean gonbidatu gisa izan ziren bi alderdi horiek.

Baina Jauregik azaldu duenez, Aralar eta ABko hautetsiak ez ziren izan gonbidatu gisa parte hartu zuten bakarrak; aitzitik, abertzaleak ez diren zenbait hautetsi izan bide ziren bilkuran, batik bat, Ipar Euskal Herrikoak, eta jende horren parte hartzea ere oso interesgarria dela nabarmendu du Udalbiltzako lehendakari ohiak: "Abertzaleak ez diren Iparraldeko alkate zenbait izan ziren, hain justu, abertzale ez izan arren gure praxiarekin bat egiten dutelako: euskararen eta euskal kulturaren alde daudelako, eta, era berean, ikusten dutelako beren etorkizunekonomikoa gurekin lotuta dagoela. Arlo horretan lanean hasita gaude proiektu batzuen bidez, eta horrek erakarri ditu guregana. Horretan lan egin behar du Udalbiltzak", agertu du.

Dena den, Aralar-eko eta ABko zenbait alkate eta zinegotzik nahiz abertzale ez diren hautetsi batzuk gonbidatu gisa parte hartu bazuten ere, Batasunaren inguruko hautetsi ohiek beste era bateko presentzia izan zuten EAJ-EAren batzarrean: atarian izan ziren protestan, legokieken udal ordezkaritza ezin izan dutelako gauzatu, eta, halaber, Udalbiltzatik kanpo daudelako. Ildo beretik, alderdien arteko borrokak alboratzeko eta Udalbiltza bakar bat eratzeko bideak sortzeko deia egin du Loren Arkotxa ezker abertzaleko Udalbiltzaren buruzagi espetxeratuak. Protesta eta kritika horiei ez die "logika" eta zilegitasun handirik ikusten Jauregik: "Loren Arkotxari eta ezker abertzaleko zinegotzi ez direnei, baina izan nahi zutenei, esango nieke ez dela logikoa salaket ahoriek egitea. Izan ere, Udalbiltza barruan zeudenean, eta gu egiten ari ginenarekin konforme ez zeudenean, gehiengoaren eta demokraziaren printzipioak onartu beharrean beren Udalbiltza propioa sortu zuten. Hori ez da elkarlanerako adibide onena".

Berriro ere Udalbiltza bakarra izan dadin zer gertatu behar den garbi dauka Udalbiltzako lehendakari ohiak: ETAren jarduna bertan behera geratzea. "1999an, Bilboko Euskalduna Jauregian Udalbiltza martxan jarri zenean, esan zen Udalbiltzak ulertzen zuela eraikuntza nazionala prozesu baten gisan, eta prozesu horretan han ez zeudenen atxikimendua bilatu behar zela. Halaber, esaten zen lurralde bakoitzaren historia eta ezaugarriak errespetatu behar zirela. Hori guztia oso zaila egin zen ETA berriro eszenatoki politikora itzuli zenean; zinegotziei eta bestelako herritarrei eraso egiten hasi zenean. Izan ere, herritar horiek babesten ez badira, ekintza horiek salatzen ez badira, oso zaila da mundu hori gureganatzea. Erro-erroko arazo bat da, eta gainditzen ez den bitartean, ezinezkoa izango da elkarlan hori berreskuratzea", azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.