Jon Paredes 'Txiki' izan dute gogoan Gudari Egunean Zarautzen

Ahaztuak elkarteak salatu du frankismoan fusilatutakoek «aitortu gabe» jarraituko dutela

Txikiren omenaldira bildutakoek Eusko Gudariak abestia kantatu zuten amaieran. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Zarautz
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Jon Paredes Manot Txiki izan dute gogoan Ahaztuak 1936-1977 elkarteak, Bilduk, Aralarrek, senide eta lagunek eta hainbat herritarrek Gudari Egunean Zarautzen (Gipuzkoa). Bertan bildutatakoen artean zegoen Benjamin Atutxa Eibarko PSE-EEko zinegotzia. Urtero legez, eta duela 36 urte frankismo garaian fusilatu zutela gogorarazteko, bere hilobiaren aurrean egin diote omenaldia. Angel Otaegi azpeitiarra ere izan dute gogoan.

Txistu doinuekin ekin diote frankismo garaian fusilatutako ETAko kidea omentzeari. Ikurrina eta errepublikako bandera zituen hilobiak gainean. Aurten, aurreko urteetan ez bezala, ez da ertzainik gerturatu hilerrira, nahiz eta inguruko zelaietan bazebiltzan omenaldia zaintzen.

Martxelo Alvarez Ahaztuak elkarteko bozeramaileak azaldu du Jon Paredes, Angel Otaegi, Xose Humberto Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo frankismoaren biktimak direla baina urtez urte «terroristatzat» jotzen direla. Hori horrela, esan du «aitorpen osoa» izatetik «baztertuta» daudela eta horrela jarraitzen dutela.

Alvarezen esanetan, horrek erakusten du erregimen frankistaren «inpunitatean ainguratuta jarraitzen» dutela, eta inpunitate hori demokraziak onartutakoa dela gaineratu du. Hori amaitzeko, baina, adierazi du «iraganeko elementuak eta irizpideak» alde batera utzi behar direla eta horrela «justizia egitea, eta egiaz eta aitortzaz hitz egitea» lortuko dela.

Horrez gain, honako hau ere esan du Alvarezek: «Benetako demokrazia ereduek ezin dute elkarrekin bizi Espainian indarrean dagoen gisako inpunitatearekin». Hori bai,azaldu du ez dutela «goresten» inoren «borroka» egiteko modurik, ez «erakunde batena» eta ez «pertsonena» ere.

«Oraindik ere, aitortzarik ez»

Aintzane Ezenarro Eusko Legebiltzarreko Aralarreko legebiltzarkideak adierazi du frankismoaren biktima horiek oraindik ere ez dutela aitortzarik euskal instituzioen aldetik, eta gaur egun gai horretan «inoiz baino tinkoago» agertu behar dela Eusko Legebiltzarrean gai hori aztertzeko batzorde txostengilea martxan jarri delako. Gainera, omenaldian «faltan sumatu» ditu «biktima horiek orain arte aitortu ez dituztenak baina orain aitortzen hasi nahi dutela esaten dutenak».

Mobilizazio gehiago

Angel Otaegi omendu zuten igandean, irailaren 25ean, Azpeitiko Nuarbe auzoan hainbat herritarrek. Atzo, gainera, eguerdian Azpeitiko ikastetxeetako ikasleek elkarretaratzea egin zuten, eta arratsaldean manifestazioa. EHUko Leioako campusean ere, 160 ikasle inguru bildu ziren manifestazioan atzo, eta Leioa herrian 80. Portugaleten, berriz, 300 lagun elkartu ziren. Leitzan ere egin zuten ekitaldia, eta 40 lagun batu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.