KonponBIDEARI BEGIRA

Jonathan Powell Euskal Herrian da, eta bilerak ari da egiten eragileekin

Bazkalostean iritsi da Bilbora. Urkullu lehendakariarekin, ezker abertzalerarekin eta PSErekin hitz egitekoa da, besteak beste.

Powell goizean, Loiun. LUIS JAUREGIALTZO, ARP
enekoitz esnaola
2014ko otsailaren 26a
08:09
Entzun 00:00:0000:00:00

Jonathan Powell iritsi da Euskal Herrira. 15:00etan iritsi da Bilboko aireportura, eta hainbat eragilerekin egin beharreko bilerak ditu agendan. Iñigo Urkullu lehendakariarekin, ezker abertzalearekin eta PSE-EEko ordezkaritza batekin bilerak egitekoa da, besteak beste. Bake prozesuari buruz aritzea da bilera horien helburua, eta azken egunetako gertakariak aztertzea. Ez dago horien edukien berri emateko asmorik, printzipioz. Ez direla bilera publikoak izango, alegia.

Powellek eta haren kolaboratzaileak Aieten zuten gaur bilkura berez. Lokarri herritar sareak, ordea, «prozesuari bultzada bat» emateko, uko egin behar izan dio gaur Donostian egin beharreko konferentzia horri. Baina Powell, bederen, Euskal Herrian da.

Zuhurtzia da nagusi. Igandean, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kide Ram Manikkalingam, Ronnie Kasrils eta Chris Maccabek Espainiako Auzitegi Nazionalera joan behar izan zuten Ismael Moreno epailearen aurrera deklaratzera, ETAren armagabetzeaz azalpenak emateko. Lokarrik deritzo hau ez dela «une egokia» konferentzia bat egiteko.

2011ko urriaren 17ko Aieteko Adierazpenaren izenpetzaileetakoa da Powell. ETAk berehala iragarri zuen behin betiko utzi zuela jarduera armatua. Handik hamahiru hilabetera, Aieten zen berriro Powell, bilera batzuk egiteko. «Denok bat etorri gara indarkeriaren behin betiko amaiera ikusi dugula eta aro berri bat dela hau», azaldu zuen. «Gertatu denari eta gertatu ez denari buruzko balorazioak jaso ditut», zioen, zehaztapenik eman gabe.

Hori bai, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro zen garaiko kabineteburuak jakinarazi zuen sinatzaileek jarraipen batzorde bat osatuko zutela Aieteko Adierazpena bete dadin.

Bi urte eta lau hilabete igaro dira 2011ko urritik, eta lehendabiziko puntua baizik ez da bete: ETAk jarduera armatua utzi du.

Larunbatean izango da beste hitzordu bat, Baionan, Bake Forumaren saio bat izango baita, Lokarrik eta Bake Bideak antolatutakoa. Han egongo dira Brian Currin bitartekaria, Pierre Hazan Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea eta Aaro Suonio Ipar Irlandako armagabetze batzordeko arduraduna.

Harremanetarako Nazioarteko Taldearen osaeraren berri 2011ko otsailean eman zuten —Silvia Casale, Pierre Hazan, Raymond Kendall, Nuala O'Loan eta Alberto Spektorowski dira kide—, eta haren eginkizuna da eragileen artean konfiantza ereitea, alde askotako negoziazioa bultzatzea eta prozesua gizarteratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.