Jose Antonio Lozano Alonsok jasoko du 2024ko Ikerkuntzako Euskadi saria

Lozano Konputazioaren Zientziako eta Adimen Artifizialeko katedraduna da EHUn, eta ekarpen garrantzitsuak egin ditu adimen artifizialaren eta datu zientziaren arloan.

Jose Antonio Lozano. BERRIA
Jose Antonio Lozano. BERRIA
edurne begiristain
2025eko maiatzaren 8a
13:16
Entzun 00:00:0000:00:00

Jose Antonio Lozano Alonso (Barakaldo, Bizkaia, 1968) matematikariari emango diote 2024ko Ikerkuntzako Euskadi saria. Lozano Konputazioaren Zientziako eta Adimen Artifizialeko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ekarpen garrantzitsuak egin ditu adimen artifizialaren eta datu zientziaren arloan. Matematikan eta Informatikan lizentziaduna da EHUn, eta Informatikan doktorea unibertsitate berean. Egun, Matematika Aplikatuko Euskal Zentroko (BCAM) zuzendari zientifikoa da.

Zientzialari gisa, bere lana Adimen Artifizialaren eremuan oinarritu du, eta bereziki Optimizazio Konbinatorioaren eta Ikaskuntza Automatikoaren arloetan. Bere garapen metodologikoen aplikazio eremuak medikuntza, bioinformatika eta modelatze ekologikoa dira, besteak beste. Ikasketa automatikoaren arloan, hainbat eremutan egin ditu ekarpenak, hala nola hauetan: taldea, gainbegiratutako sailkapen ahula, eredu grafikoak, permutazioen probabilitate modelizazioa eta denbora serieen meatzaritza eta anomalien detekzioa. Hain justu, nazioarteko erreferenteetako bat da ikerketa diziplina horretan.

Ikerketaren esparruan, algoritmoak mundu errealean aplikatu, eta hainbat proiektu garatu ditu. Alde batetik, eredu konputazional bat garatu du laguntza bidezko ugalketa prozesuetan enbrioien bideragarritasuna aurreikusteko; Donostia ospitalearekin lankidetzan egin du hori. Bestalde, UCLAko Medikuntza Konputazionaleko Sailarekin izan duen lankidetzak aurrerapen nabarmenak ekarri ditu gaixotasun espezifikoekin lotutako mutazio genetikoen iragarpenean, eta horrek arrisku genetikoen faktoreak hobeto ulertzen lagundu du. Horrez gain, AZTI itsas ikerketarako zentroarekin izan duen lankidetzari esker, eredu konputazionalak sortu dituzte arrain espezieen errekrutamendua aurreikusteko, eta, horrela, arrantza modu iraunkorrean kudeatzen lagundu du.

COVID-19aren pandemian ere ekarpen garrantzitsuak egin zituen Lozanok, Eusko Jaurlaritzari laguntza eman baitzion ospitaleratzeei, zainketa intentsiboetako unitateetako ospitaleratzeei eta hilkortasunari buruzko iragarpenak egiteko txostenen lanketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.