Jose Luis Bilbao da Bizkaiko ahaldun nagusia, EAJko kideen botoekin

Gastuak gutxitzeko asmoz, bi sail, zazpi zuzendaritza, bi entitate publiko eta 25 goi kargu kenduko ditu

Zuriñe Gaintza, Jose Luis Bilbaoren hitzaldia entzuten, atzo, Gernikako Juntetxean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Gernika
2011ko ekainaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espero bezala, bere alderdikideen botoei esker, bigarren itzulian hautatu dute Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbao, hirugarrenez. EAJko 22 batzarkideen botoa jaso du Bilbaok. Zuriñe Gaintzak, Bilduren hautagaiak, koalizioaren 12 botoak jaso ditu. PSE-EEko eta PPko ordezkariekzuri bozkatu dute. Ahaldun nagusiak karguaren zina Gernikako Arbolaren ondoan egin, aginte makila hartu eta dantzarien ohorezko agurrak jaso bezain laster agindu du «guztientzat» gobernatuko duela. «Guztientzat», errepikatu du; «botoa eman didatenentzat, botoa beste norbaiti eman diotenentzat eta botorik eman ez dutenentzat ere bai».

Bere gobernu taldea ere kargua hartu bezain laster ezagutarazi zuen, atzo, 19:00ak aldera zirenean. Bi sail ezabatuta, bere alderdiko zortzi batzarkidek osatuko dute taldea. Hamar sail eta hamar diputatuk osatzen zuten orain arte. Patxi Sierra-Sesumagaren Udalekiko Harremanetarako departamentua desagertuko da, eta, Garraio eta Hirigintzarena, Lan Publikoarenekin batuko da sail bakarrean.Lau gizonek eta lau emakumek osatzen duten gobernu taldea gaur bertan izenpetuko du ahaldun nagusiak.

Krisi ekonomikoaren aurrean gastuak murriztu behar direla argudiatuta azaldu zuen, atzoko saioan, sailen kopurua murriztuko duela. Eta ez da hori izango murrizte bakarra: Foru Gobernuko sailen barruan zeuden 28 zuzendaritzetatik zazpi ere ezabatuko dituela jakinarazi zuen Bilbaok, bere hautagaitza defendatzeko ia ordu eta erdiz egindako hitzaldian. Bi entitate publiko eta 25 goi kargu bertan behera utziko dituela ere azaldu zuen.

Murrizketak eta akordioak

Datozen lau urteotan gidari izango duen programa azaltzerakoan, Bilbaok argi utzi zuen agintaldia krisiak eta murrizketek baldintzatuta egongo dela, eta horietara egokitzea izango dela lan nagusia. Elkarlana eskatu zuen krisiari aurre egin eta lana sustatzeko. Baina ez horretarako bakarrik: arlokako akordioak nahi dituela esan zuen Bilbaok, eta eskuak zabalik dituela guztientzat, «bazterketarik gabe». Hala, Batzar Nagusietako talde guztiekin akordioak egiteko prest dagoela esan zuen, izan «akordio puntualak, programatikoak edo estrategikoak».

Bakegintza eta normalizazioa

Baketzea eta normalizazioa ere izan zuen hizpide ahaldun nagusiak. Baita Gaintza hautagaiak zein alderdi guztietako ordezkariek ere. Aukera egon badagoela uste dute PP ez beste talde guztietako ordezkariek, eta aukera baliatzeko deia egin dute.

Hala ere, Bildurengana zuzendu zen Bilbao, ETAri «50 urteotako indarkeria terrorista behin betiko amaitu dezala exijitu diezaiola» esateko. Ahaldun nagusiaren ustez, horrek «konbentzituko» lituzke guztiak oraingoa «benetako saioa» dela. Baketze eta normalizazioan laguntzeko prest agertu, eta bakegintzarako ere akordio zabala egitea proposatu zuen.

Bilduren hautagaiak, hizpide nagusietakoa izan zituen bakegintza, normalizazioa eta prozesu demokratikoa. Behin betiko bakea lortzeko «aukera paregabea» dagoela azaldu zuen, eta ez galtzen uzteko eskatu. Bilduk gai horretan duen bide-orria Gernikako Akordioa dela azaldu zuen, eta bertan, bai ETAri bai Espainiako Gobernuari urratsak egiteko eskatzen zaiela. ETAk su-etena eman duela eta ekinbide armatua amaitzeko borondatea erakutsi duela azaldu zuen Gaintzak; Espainiak, berriz, ez duela «inolako urratsik» egin. Egiteko eskatu zuen, beraz: presoen aurkako espetxe politika krudela amaitzeko, eta legez kanporatzeak zein auzi politikoak bertan behera uzteko.

Bakegintzaren alde aritu eta oztoporik ez jartzeko eskatu zien alderdi guztiei. Bai Gaintzak bai Joseba Gezuraga batzarkideak, Gernikako Akordiora batzeko eskatu zioten, zuzenean, EAJri.

Bilbaok, oharra igorrita erantzun zien Bildukoen eskakizunei: «Bildukoak guri esker zaudete hemen,Zapaterorekin ditugun harremanei esker; galdetu zuen buruzagiei ea zertarako eskatzen diguten denbora gehiago».

Iñaki Egaña PSE-EEko ordezkaria ere bakegintzan saiatzearen alde agertu zen, PPko Esther Martinez ez bezala. Martinez izan zen hizketaldi erasokorrena egin zuena eta «terrorismoa garaitu beharra» aldarrikatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.