Ekonomia

Jose Maria Bravori 500.000 euroko bermea ezarri dio Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak

Irungo Ogasunean iruzurra egiteagatik kartzelatutakoaren ingurukoek diote ezingo diola bermeari aurre egin.

2008ko uztailaren 15a
16:19
Entzun
Gipuzkoako Ogasuneko Irungo bulegoko zuzendari ohi Jose Maria Bravori behin-behinean aske geratzeko aukera eman dio Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, hari 500.000 euroko bermea ezarrita. Halaber, astero epaitegira sinatzera joateko beharra eta Espainiako estatutik baimenik gabe ateratzeko debekua ezarri dizkio. Pasaportea kendu egin dio.

Bravoren gertuko iturrien esanetan, hark ezingo du eskatu dioten diru kopurua eskuratu, eta, oraingoz bederen, preso segitu beharko du.

Dena dela, Irungo epaitegiaren erabakiaren aurka Bravok jarri zuen helegitea neurri batean onartu du Lurralde Auzitegiak.

Egundaino hiru bider eskatu du behin-behineko askatasuna Bravok. Aurreko bietan Lurralde Auzitegiak Irungo epaitegiaren ebazpenak –bietan ezezkoak– berretsi ditu, ihes egiteko arriskua zegoela argudiatuta. Orain, aldiz, "egoera aldatu" egin dela dio auzitegiak, Ogasuneko bulegoan eginiko iruzurraren gaineko ikerketa "aurreratua" dagoelako eta akusatuak oso zail izango lukeelako frogak desagerraraztea.

Irungo Ogasunean egin zuten iruzurra ikertzen duen auzian akusatu nagusia da Bravo. Iazko maiatzaren 18an atxilotu, eta ekainaren 12an aske utzi zuten, 400.000 euroko bermea ordainduta. Instrukzio epailearen aurrean deklaratzeari uko egin zion ondoren, eta berriro sartu zuten preso, Donostiako Martuteneko espetxean.

Salaketen haritik

Jose Maria Bravo aldi baterako izendatu zuten eta 12 urtez izan zen Irungo Ogasuneko burua. 1990ean izendatu zuten Irungo bulegoko zuzendari; hain zuzen ere, haren anaia Victor Bravo -orain EAJko senatari ohia- Gipuzkoako Ogasuneko Bilketa zerbitzuko zuzendari izendatu zutenean.

Irungo Ogasuneko Iruzurra ikertzen ari den batzordeak aferaren dimentsio politikoa baztertu duela salatu zuten joan den martxoaren erdialdean CCOO eta LAB sindikatuek Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Haien iritzian, Jose Maria Bravo "izozmendiaren erpina" baino ez da. Kasu honetan egon daitezken ardura politiko guztiak argitzeko eskatu zuten.

LABeko kide Joxean Urkiolak Jose Maria Bravok Irungo bulegoko postua nola lortu zuen argitzeko eskatu zuen. CCOOko ordezkari Javier Zaratainek, berriz, haren sindikatua Bravok betetzen zuen postua lortzeko deialdi publikoa egiteko zortzi urtez eskatu zuela eta ez zuela erantzunik jaso salatu zuen. Urkiolaren arabera, "gaizkidetasun ezkutua" dago afera honen atzean, izan ere ulergaitza egin zitzaion horrenbeste urtez halako irregulartasunak egotea eta inork ez salatzea.

Halaber, Victor Bravo Gipuzkoako Ogasuneko Bilketa zerbitzuko arduradun zenean bilketa enpresa baten burua ere bazela azaldu zuten sindikatuek. Irregulartasuna publikoki salatu zituzten orduan, baina ez zen senatari ohiaren kontrako neurririk hartu.

Bravo anaiena ez da irregulartasun bakarra, bi sindikatuen arabera. Gipuzkoako ahaldun nagusi izandako Joxe Juan Gonzalez Txabarriren (EAJ) bulegoko teknikari Rufino Eizagirreren adibidea aipatu zuen martxoan Joxean Urkiolak. LABeko kideak zioenez, Jose Maria Bravok Irungo Ogasunetik lortzen zuen dirua zuritzeko erabiltzen zuen enpresa bateko kidea zen Eizagirre. Ikerketa abian jarri eta iruzurra ezagutu zenean, Gonzalez Txabarriren bulegotik kanporatu zuten Eizagirre, baina Urkiolak esandakoaren arabera, ez zuten "irregulartasun" horren kontrako auzibiderik ireki. Are gehiago, aipatutako enpresa kudeatzen jarraitu zuen Eizagirrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.