Oraineko kontseilari ohi Jose Ramon Arangurenek bihotzekoa izan zuen joan den astean eta erietxean dago. Gaur, auzi saioa hasi bezain pronto, Arangurenen osasun egoeraren berri eman du auzi medikuak. Epaiketan egon ahal izateko, gutxienez, bi hilabete beharko dituela azaldu du, ebakuntzaren ondoko eguneko txostenean oinarrituta.
Alvaro Reizabal, Arangurenen abokatuak, epaiketa astebetez eteteko eskatu du, hurrengo txostenean auzipetuaren osasun egoeraren garapena nolakoa den ikusi ahal izateko. Fiskaltzak, baina, Aranguren bakarrik epaitzeko eskatu du. Reizabalek azpimarratu du, bere bezeroak arreta handiz jarraitu dituela epaiketako saio guztiak eta epaiketatik kanpo uzteak kalte handia egingo liokeela.
Etenaldi baten ostean, fiskaltzaren eskaerari kasu egin eta Aranguren bakarrik epaitzea erabaki du Iñigo Elkoro auzipetuarekin ere erabaki bera hartu zuen epaimahaiak.
=iAski da. Epaiketak eten=i
Ia ordubete egin dute 18/98 auziko auzipetuak Espainiako Auzitegi Nazionalak Madrilgo Casa de Campo-n duen egoitzaren atarian. Aski da. Epaiketak eten zioen pankartaren atzean Angela Murillo buru duen epaimahaiak gaixo dauden auzipetuekiko izan duen jarrera salatu dute. Era berean, joan den apirilaren 25ean hil zen Jokin Gorostidi ezker abertzaleko buruzagi ohia izan dute gogoan.
Mikel Kortak auzipetuekiko "errespetu minimoa" eskatu dio epaimahaiari, are gehiago gaixo dauden auzipetuekiko errespetua. Korataren hitzetan horixe da ordubeteko geldialdiaren helburua: "Salatzea salaren errespetu falta pertsonekiko eta nolabait abixua ematea gure pazientziak ere muga bat duela esateko. Jokin Gorostidiri omenaldia egiteko ere baliatu dute elkarretaratzea.
18/98 auziko epaiketaren zati berri bat hasiko da gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hain zuzen ere, lekukoen txanda hasiko da gaur. Epaimahaiaren aurrean deklaratuko duten lehenak Enrique Molina fiskalak proposatutakoak izango dira. Ziurrenik, Jose Ramon Arangurenek erietxean jarraitzen duenez, epaiketa eteteko eskatuko du defentsak. Izan ere, lekukoen deklarazioak entzuteko Aranguren auzi saioan egotea beharrezkoa dela iritzi dio defentsak.
Joan den apirilaren 25ean hil zen Jokin Gorostidiren osasun egoera larria zela-medio, eoaiketa maiatzaren 8ra arte atzeratzea erabaki zuen epaimahaiak apirilaren 21ean. Iñigo Iruin Gorostidiren defentsa abokatuak epaiketa egun batzuetan bederen atzeratzeko eskatu zion epaimahaiari.
Angela Murillo Espainiako Auzitegi Nazionaleko 18/98 auziko epaimahaiburuak epaiketarekin aurrera egitea erabaki zuen. Gorostidi eta David Soto ziren auzipetuen artean deklaratzeko falta zirenak. Soto Ekin piezan dago auzipetua. Martxoan premiazko ebakuntza egin behar izan zioten, ordea. Ebakuntzaren berri izan zutenean, Zigor Reizabal abokatuak epaiketa eteteko eskatu zuen. Epaiketa DVDz jarrai zezakeela argudiatuta, aurrera egitea erabaki zuen Murillok. Sotok deklaratzen hasi zenean esan zuen ez zuela denborarik izan epaiketaren jarraipena DVDz egiteko. Reizabalek, berriro ere, epaiketa atzeratzeko eskatu zuen.
Sotoren deklarazioan izandako ika-mikaren osteab Saioa eten zuen Murillok, eta epaiketa 8ra arte atzeratzen zuela jakinarazi zuen.
Fiskalak proposatutako lekukoak
Jose Manuel Soares Ganboa izan da lehen lekukoa eta arratsaldean Josu Arkauzek deklaratuko du. Jarraian Jose Luis Alvares Santacristina, Pakito Mujika, Jose Mari Arregi, Juan Luis Agirre, Nagore Mujika eta Jose Mari Dorronsoro euskal presoak ere deitu ditu Enrique Molina fiskalak.
Soares Ganboa ETAko kide ohiak KAS eta ETA gauza bera zirela adierazi du. KASek ETA kontrolatzen zuela. Deportatuta egon zenean, ETAk ertzain bat hil eta ekintza haren aurka agertu zela adierazi du. Bere desadostasuna ETAri helarazteko gutun bat idatzi zuela eta Euskal Herriko neska baten bidez helarazi ziola gutuna ETAri. Neskari eskutitza Xabier Alegria KASeko kideari emateko esan omen zio Soares Ganboak, Alegriak ETAri emateko. Denbora pasata ETAk eurekin harremanetan jartzeko "ohiko bideak" erabiltzeko esan ziola azaldu du. Hori dela-eta, ondorioztatzen du Soares Ganboak ETA eta KAS gauza bera direla.
Defentsaren galderak erantzun ditu ondoren Soares Ganboak eta KASeko inor ez duela sekula ezagutu onartu du. Ez zuela KASeko organigrama ezagutzen. KAS eta ETA gauza bera direla esateko frogarik ba ote duen galdetu dio defentsak: "Ez, ez, nik ez dakithori zen esaten zena", erantzun du. Komunikabideetan irakurtzen zuenagatik esaten duela hori: "Horixe zen guztiok pentsatzen genuena".
Arratsaldean, Josu Arkaus euskal presoak deklaratuko du.
'18/98 auziko' epaiketa
Jose Ramon Aranguren bakarka epaituko dute
Jose Ramon Aranguren 18/98 auziko epaiketatik atera, eta bakarrik epaituko dute. Hala erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak. Aranguren erietxean dago joan den astean izandako bihotzeko baten ondorioz. Gaurko auzi saioa hasi aurretik auzipetuak elkarretaratzea egin dute epaiketa eteteko eskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu