Zozoen elean

Jose Ramon Lete Lasa: "Alderdietan baino gehiago, zenbait proiektu eta pertsonarengan sinesten dut"

Galiziako Xuntaren Kirolaren idazkari nagusi da 2009az gero. Saskibaloi jokalari profesionala izan zen hamabi urtez. Egun, ariketa fisikoaren sustapena du lehentasun. Arrasatekoa jatorriz (Gipuzkoa), euskalduna sasoi batean, galego hiztuna da orain.

Galizian Xuntako Kirol arduraduna da egun Lete Lasa. ZALDI ERO
Miel Anjel Elustondo
2014ko otsailaren 16a
10:24
Entzun

Behin edo behin irakurria dizut elkarrizketa batean: "Kirola berezkoa du gizakiak". Nik, neure artean: "Fernandoren egia da hori!"…

Fernandoren egia, hemen, baina behin eta berriz eta askotan esan beharrekoa Galizian. Europaren batez bestekoaren azpitik gabiltza Espainian ariketa fisikoaren praktikari dagokionez, eta are beherago gabiltza Galizian. Arrazoiak ere badira, jakina: kultura, barreiatze geografikoa, populazioaren zahartzea —lau galiziarretik batek 65 urte baino gehiago ditu—, eta, ondorioz, kirola egiten duen ehunekoa oso txikia dugu han. Gure lana, beraz, jendearen kultura eta jarrera aldatzen saiatzea da. Eta horretan ari gara, eginahalak egiten.

Lete Lasa zara. Zein da zuen jatorria?

Ama dugu Oñatikoa, eta aita Mondragoekoa zen… Donostian jaio ginen etxeko bi zaharrenak, eta Mondragoen, ondokoak. Mondragoen bizi izan ginen txikitan. 10 urte nituela etorri ginen Gasteizera.

Euskaraz badakizu zuk! [Euskaraz]

Ez, horixe dut damua! Oraindik amari entenditzeko gai naiz, baina askoz gehiagorik ez. Galdu egin nuen, baina ez Gasteizera etorri ginelako, aurretik baizik. Francoren erregimenaren garaian ginen; ez ziguten euskaraz hitz egiten uzten. Baina oraindik gogoan dut lehenengo aldiz eskolara joan eta nik euskaraz hitz egiten nuela. Gaztelaniaz, zer edo zer, nahiz eta aitak gaztelaniaz egiten zigun. Gasteizera etorri ginen, eta akabo. Hura Araba zen, eta Oñatitik Gasteizera muga bat balego bezala zen; kultur muga, nahi baduzu. Araba hura ez zen euskalduna. Euskara entzutekotan, familiaren erroetara joan behar genuen, Oñatira edo Mondragoera. Hor hasi nintzen euskara galtzen. Gero, 17 urte nituela joan nintzen Gasteiztik, eta akabo euskara, betiko. Galegoz hitz egiten dut orain.

Zerk eraman zintuen kanpora, unibertsitateak?

Ez, motel! Saskibaloiak! 10 urterekin, San Jose ikastetxean hasi nintzen, gero San Viator izena hartu zuen hartan. Gasteiz erdi-erdian zegoen; galeriaren bat egina dute hor orain [Dendarabaz ari da]. Patioan jolasean ari nintzela, han non etortzen zaidan Iñaki Iriarte. "Hi, kankailu hori, etorri hona!". Eta saskibaloian hasi nintzen. San Viatorren jokatzen ari ginela, nik 17 urte nituela, Bigarren Mailan jokatzera iritsi ginen. Beti-betiko jokalariak ginen, 11 urterekin jokatzen hasitakoak, amerikar bat izan ezik. Sullivan zuen izena, lehenago Bilbon Kasen jokatutakoa. Gu eta Sullivan ginen. Batetik, gu, metro eta laurogeita bostekoak; bestetik, Sullivan, bi metrotik gorakoa. Bigarren Mailan jokatu genuen urtean, Lugora joan ginen bi aldiz: batean, Breoganen kontra —jaitsi berria zen—; bestean, La Caseraren aurka jokatzera. Urte ona osatu genuen. Breogan, berriz, igo egin zen Lehen Mailara, eta haiekin jokatzeko hots egin zidaten. Horrelaxe joan nintzen Galiziara.

Hemendik kanpora zara harrezkero…

Bai, saskibaloi jokalari bizimoduari lotu nintzaion, profesional gisa. Hiru urte egin nituen Breoganen, eta bina CAI Zaragoza, Tenerifeko Nautiko, Madrilgo Estudiantes eta Santiagoko Obradoiron. Hantxe utzi nion profesional izateari, hamabi urte eta gero. Beste hiru bat urte jokatu nituen Vigon, baina ez Lehen Mailan. Nik, esan behar izaten dudanean, kirolari izan naizela esaten dut. Kirolari definitzen dut neure burua, eta ez nuke ezeren truke aldatuko. Beti esan izan dut: kirolari eman dizkiodan orduak beste zerbaiti eman izan banizkio, notario, estatuaren abokatu eta auskalo zer izango nintzatekeen. Baina ez nuke ezeren truke aldatuko.

Zuzenbidea, Psikologia eta Kirolaren Zientzia ikasia, zenbait master egina… Nola moldatu zinen, kirolari profesionala izanik?

1978ko irailaren lehenengoan hasi nintzen lanean. Lehenengo, Irakasle ikasketak egin nituen. Berez, Psikiatria ikasi nahi nuen, baina ez nuen Medikuntza ikasteko gogorik. Psikologia Klinikoa maite nuen. Irakasle ikasten hasi nintzen, ondoren Psikologia erraz ikasi ahal nuelako, egokitze maila bat tarteko. Ikasle ona nintzen; irakasle ikasketak egin nituen, nota onarekin, gutxiegi bat ere gabe, eta jakin nuen lanean hasteko eskubidea nuela. "Sarrera zuzena" omen. Eta lanean hasi nintzen, irakasle, Zaragozan, hango saskibaloi taldean ari bainintzen. 23 urte nituen. Lanera joan lehenengo egunean, eta zuzendariak: "Zer hator hi, praktikak egitera?", eta nik: "Ez, irakasle titularra naiz"… Goizeko 07:00etan entrenatzen nintzen; lasterka egiten genuen; ikastetxera joan eta eskola ematen nuen; eguerdian, entrenamendua, teknika indibiduala eta tiroa lantzeko; arratsaldean, ikastetxera berriz, eta iluntzeko 08:00etan, azken entrenamendua.

Gainera, ikasketak: Irakasle ikasketak egin ondoren, Psikologia, Pedagogia eta, azkenik, Zuzenbide ikasketak egin nituen, Galizian lanean ari nintzela. Xuntan ari nintzen, eta oposizioak gainditu behar izan nituen. Berehala egin nuen Zuzenbidea, bi urtean hainbeste ikasi behar izan bainuen. Harrezkero, 30 urte baino gehiago daramat zerbitzu publikoetan lanean.

Politikara jauzi egin zenuen…

Aitak erakutsi zidan trenak igarotzen direla eta haiek hartu beharra dagoela. Horrexek eraman ninduen kanpora hamazazpi urtean, eta horrexek eraman ninduen, Xuntako Administrazioko goi mailako kide nintzela, aukera bati baietz esatera. Mediku bat nuen buruzagi, Pako Villar; 1996an, PPk Madrilen hauteskundeak irabazi zituenean, Administrazio Publikorako estatu idazkari, Kirolaren estatu idazkari eta Mariano Rajoy ministroaren eskuin eskua izan zen. Handik bi hilabetera, niretzako kargu bat zuela esanez hots egin zidan. Zerbitzu ikuskatzaile ari nintzen Xuntan, administrazioaren erreforman lanean, administrazioa sinplifikatzen… Koadroen prestakuntzan ere ari nintzen, horixe baita gehien gustatzen zaidana, prestakuntza. Erraz ari nintzen, gustura, eroso... Egun batean, Pakok telefono deia Madrildik: "Lan bat diat hiretzat: kooperazio erakunde bateko zuzendari", eta nik: "Pako, ongi ari haiz, baina ez diat telefonoz hitz egin eta erabakia hartzerik". Eta hegazkina hartu, eta Madrilera joan nintzen.

Eta ez zinen lehengo lanera itzuli…

Horixe. Proiektu pertsonalari ekin nion. Ustea nuen pertsona batzuetan, ustea proiektuan…

Diziplina da alderdi politikoen ezaugarrietako bat. Sektarismoa, dio zenbaitek. Ba al da proiektu pertsonalari ekitea eta alderdi politiko bateko kide eta, are, kargu izatea uztartzeko modurik?

Ez da erraza, ez. Eta ez dakit biak lotu ditudan ere. Bai, alderdi politiko bateko kide naiz, haren parte, baina, aldi berean, neure iritzia dut, neure ideiak, eta horretan ari naiz aurrera. Badakite nolakoa naizen, nola lan egiten dudan; jakinaren gainean daude. Oraindik orain, [Alberto Nuñez] Feijook, Xuntako lehendakariak, hots egin dit lanerako, eta ni pozik. Haren esanetara ez beste inorenera nago. Zoragarri. Kirolaren inguruan dudan proiektua aitzinatzeko modu hoberik ez! Egia da diozuna, alegia, alderdi politikoek pertsona neurriz gain absorbitzen dutela eta ez dela erraza alderdi politiko baten proiektua eta norberarena bateratzea. Nik, dena den, pentsatzen dudana esateko libertatea izan dut beti.

Zure proiektuak badu alderdi politikoaren kolorerik?

Tira, kolore politiko txikiena duen jardueretako bat da kirola. Zenbait arlo jakinetan bai, ezberdin jarduten dute alderdiek, selekzioen kasuan, adibidez.

Adibidez.

Baina ez da kolore gorabehera. Galiziako selekzioen alde nago; akabo, bada. Hango selekzioen alde ari naiz; nagoen lekukoa da nire taldea, eta, kasu horretan, nire taldea Galizia da. Baina, nire ustez, ez du bururik ez buztanik egoera honetan dirua alferrik eralgitzea jai eta ospakizunetan, bestelako beharrak ditugunean. Izatekotan, lehentasunak markatzearen aldekoa nintzateke, baina ez Galiziako selekzioaren alde edo kontra nagoelako. Galiziak baditu bere kultura, hizkuntza eta identitatea, baina, gainerakoan, kirolak, ariketa fisikoak, ez du kolorerik, sen on handia baizik.

Hemen ere baditugu selekzioak; futbolekoak ateratzen du zaratarik handiena. Lagunarteko partidak jokatzen aspertuta dago jendea, eta ofizialak jokatu nahi ditu…

Horretan, uste dut mugak direla. Galizian ez dugu David Cal baino urguilu handiagorik [Urrezko domina bat eta lau zilarrezko piraguismoan, Olinpiar Jokoetan], edo Jabier Gomez Noia baino [Munduko txapelduna triatloian]. Horiek goienean ikustea pozgarri zaigu, eta galiziar batentzat ez dago hori baino harrotasun handiagorik. Bestea, selekzioen kontua, beste kontu bat da. Kirolak joko arauak betetzen erakusten du, eta, gaur-gaurkoz, joko arauak garbi daude. Espainiako Konstituzio Auzitegiak bi epai eman zituen 2012an: bata Euskal Kirolaren Legeari zegokion; bestea, Kataluniakoari. Hark garbi esan zuen zein diren arauak. Orain-oraingoak, esan nahi dut. Beste arau batzuk izan daitezkeela? Jakina, bada. Dena den, zentzuzkoena arauak betetzea da… Ni, neure aldetik, Galiziako kirolariak podiumean izan daitezen saiatzen naiz. Orduantxe baino ez dugu ikusten Galiziako bandera goienean; orduantxe sentitzen dugu galiziar izatearen poza eta urguilua.

Joko arauak alda daitezkeela, alegia…

Bai… Nik saskibaloian jokatzen nuenean, ez zegoen hiruko saskiratzerik. Gero, bai. Bada, horren arabera jaurtiko dut. Jakina, biko jaurtiketa saskiratu eta hiru puntukoa eskatu, ez. Horrek ez du balio. Arauak bete egin behar dira. Adostasuna baldin bada, zernahi. Baita hiruko marra atzeratu behar baldin bada ere. Uztaiaren azpian joko askatasun handia utzi behar dela? Ados. Adostasuna eta kontsentsua, beti.

Espainiako Kirolaren Kontseilu Goreneko presidente izendatuko ote zintuzten hotsa zabaldu zen 2012an, PPk Espainiako hauteskundeak irabazi zituenean. Izendatu izan bazintuzte, politikara jo beharko zenukeen nahitaez?

Ez dut uste. Kirol arloak are gehiago saiatzera behartuko nindukeen… Krisi garai ikaragarrian gaude. Administrazio publikoan lan egin izan dut beti, eta inoiz ez zait gertatu aurreko urtean baino aurrekontu txikiagoa izatea. Gertatu izan zaigu, bai, aurreko urteko aurrekontu bera izatea, gutxi handitzea… Baina, 2009tik hona, aurrekontuak txikitu besterik ez dira egin, nabarmen. Galizian, gizarte politikei eustea erabaki genuen; hamar eurotik zortzi gizarte politikarako dira, eta gainerako arloek murrizketa handiak izan dituzte. Horrek, kirol arloari dagokionez, esan nahi du Galizian, Euskadin eta Madrilen duela hiruzpalau urte baino %60-70 txikiagoa dugula aurrekontua. Oso garai zaila eta konplikatua dugu. Gehiago konprometitu nahiko nuke kirolarekin, baina ez da erraza: federazioak gorriak ikusten ari dira, haietatik asko diru publikotik bizi baitira. Diru laguntzak murriztu egin dira, eta lanak!

2009tik hona aurrekontua %60 gutxiturik, zer egin zenezake kirol arloan Galizian?

Konprometiturik lan egin; ez dago besterik, eta, horretarako, lehenetsi. Azken finean, horixe da politika: lehenestea. Ezin igerilekurik egin, kirol pabiloirik, atletismo pistarik… Uste dugu ariketa fisikoa lehenesteko garaia dugula, eta horretan ari gara Galizian, krisi honen ondorioak leuntzen saiatzen. Estatuko leku askotan, berriz, ikaragarri sufritzen ari dira...

Kirol arloko konpromisoa nabarmendu duzu. Hala ere, nola ikusten dituzu PPren inguruan diren eskandaluak?

Kasu horietan, politikari kapela erantzi, eta hiritar jardungo dut: penagarria da. Ustelkeria, eskandalua, eredugarri ez izatea… arlo guztietara hedatzen da. Uste dut biziberritzeko garaia dela, kirola ikasbide izan behar dugula eta joko garbiak arau izan behar duela. Irabazi egin behar da, bai, baina norberaren gaitasunak baliatuz. Gaizki pasatzen dut oraingo egoeran, bai politikari, bai hiritar gisa. Gaizki.

Alderdiko pertsonatzat jotzen duzu zeure burua?

Proiektuak dituen pertsonatzat dut neure burua. Alderdietan baino gehiago, zenbait proiektutan eta zenbait pertsonarengan sinesten dut. Alderdiak… hainbeste dira, eta hain ezberdinak! Zuhurra izan behar da, eta diskretua…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.