Joseba Alvarez: «Horrelako kasu bat ikusiko banu, berriro egingo nuke»

Kaleko saltzaile bat defendatzeagatik epaitu dute, eta urtebeteko kartzela eskatu dute harentzat

Atzo goizean Donostiako epaitegien aurrean Donostia Piztu plataformak antolatutako elkarretaratzea. FOKU.
Nagore Arin - Jone Arruabarrena
Donostia
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Atzo epaitu zuten Joseba Alvarez ezker abertzaleko militantea, 2018. urtean Donostiako Parte Zaharrean izandako atxiloketa bat oztopatu izana leporatuta. Ekainaren 24an gertatu zen, 10:30 aldera, San Jeronimo kalean: Alvarezek zalaparta bat entzun zuen, hots hori zetorren lekura bildu zen, eta udaltzain batzuk ikusi zituen kaleko saltzaile bat atxilotzen. Beste auzotar batzuekin batera joan zen Alvarez ingurura, poliziei azalpenak eskatzera. Salaketaren arabera, Donostiako Udaltzaingoaren jarduna trabatu zuen, eta, Fiskaltzaren txostenean zehazten denez, udaltzainei oihu eta agirika ere egin omen zien.

Alvarezen arabera, «oso modu txarrean» eta «arrastaka» zeramaten saltzailea, Moussa izeneko gazte afrikar bat. Egoera hori ikusita, gero eta auzotar gehiago bildu ziren atxiloketaren gunera, eta, akusatuaren hitzetan, poliziak saltzailearekin erabiltzen ari ziren «indarkeria» amaitzea galdegin zieten bertaratu ziren guztiek; azpimarratu zuten gaztea eskumuturrekoak saltzen ari zela, ez zuela besterik egin.

Udaltzainen bertsioa, berriz, guztiz diferentea zen. Gertaera jazo zenetik bost hilabetera heldu zitzaion akusazioaren jakinarazpena Alvarezi: «desobedientzia egitea eta polizien lana eta jarduna oztopatzea» leporatu zioten. Udaltzainen arabera, «motxilatik heldu» eta lurretik «altxatu» zituen Alvarezek. Moussari ere iritsi zitzaion jakinarazpen bat. Hari delitu larriago bat egotzi zioten: «polizien aurkako mehatxuak, desordena publikoak eta udaltzainen aurkako erasoak» egin izana, hain justu ere. Gertakariak momentu berean izan ziren arren, bi prozesu penal jarri zituzten martxan, kasuak bereizita.

Udaltzainen kontraesanak

Hiru urteren ondoren, atzo egin zuten epaiketa. Polizien aurkako desobedientzia adieraztea eta haien lana oztopatzea leporatuta, urtebeteko espetxe zigorra eskatu dute Alvarezentzat, baita inhabilitazioa ere. Saioa hasi aurretik, ordea, bere aurka jarritako akusazio partikularra ken dezala galdegin zion akusatuak Donostiako Udalari, Donostia Piztu plataformak atzo epaitegiaren aurrean antolatu zuen elkarretaratzean. Izan ere, plataformako kidea da Alvarez bera ere.

«Epaiketan udaltzainek gezurretan jarraitu dute; kontraesan ugari daude haien deklarazioetan», azaldu zion atzo Alvarezek BERRIAri, auzitegitik ateratzean —hedabideek ezin izan zuten sartu, edukiera arazoengatik—. Haren arabera, udaltzainek ez dute eraman beren bertsioa berretsi dezakeen lekukorik, baina, hala ere, fiskalak udaltzainen salaketa mantendu du: «Haien bertsioa ontzat eman du». Gainera, zalantza ugari sortu ziren Alvarezen identifikazioaren inguruan: «Udaltzainek ez zidaten identifikatzeko eskatu, baina hala ere bazekiten ni nintzela. Batek dio identifikatu nindutela; besteak, ezetz. Haien artean ere ez dira ados jartzen bertsio bateratu bat emateko». Polizien arabera, gainera, Alvarezek maritxu eta halako irainak erabili zituen haien aurka. «Nik ez dut irainik erabiltzen, eta gutxiago horrelako kutsu homofoboa badaukate».

Epaiaren zain geratu zen auzia. Alvarezek badaki zigorra jaso dezakeela, baina argi dauka litekeena dela gazte senegaldarrarentzat ondorioak larriagoak izatea, «etorkina eta prekarioa» delako. Hurrengo asteetan izango da Moussaren aurkako epaiketa. «Berriro horrelako gertakari bat ikusiko banu, zalantzarik gabe modu berean jokatuko nuke. Herritarron zeregina da Poliziaren indarkeria eta arrazismoa salatzea», berretsi du Alvarezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.