Joseba Asiron historialaria (Iruñea, 1962) da EH Bilduk Iruñeko Udalerako aurkeztu duen hautagaia. "Oraintxe da Iruñean ziklo berri eta aniztun bat irekitzeko garaia", esan du Asironek Iruñean egindako aurkezpenean. Haren arabera, "justizia soziala eta pertsona guztien eskubide eta askatasunak" oinarri izango dituen Iruñea eraikitzea dute xede. Horrekin batera, "kultura eta hizkuntza propioak" sustatu eta indartu, eta bizikidetza, parte hartzea eta gardentasuna bermatuko dituen hiri bat eratu nahi dute.
Artearen Historian lizentziadun eta doktore da Asiron. San Fermin Ikastolako irakaslea da 1991. urtetik, eta zeregin horretan jarraitzen du egun. Nabarralde eta Nafarroa Bizirik elkarteetan ere aritzen da kolaboratzaile modura, baita Auñamendi Euskal Herriko Entziklopedian ere.
Foru hauteskundeetarako presidentegaia ere aurkeztu berri du koalizioak: Adolfo Araiz (Tafalla, 1961). Aurkezpenean adierazi zuen aurretik egindako lanari jarraipena eta bultzada emateko borondatearekin onartu duela ardura hori: "Garai historikoa da Nafarroan"; "inoiz ez bezalako aukera dugu gure aurrean".
Abokatua da Araiz, eta, gaur egun, Sakanako mankomunitateko kudeatzailea. Nafarroako ezker abertzaleko buruzagi historikoa da. 1990eko hamarkadan, hiru legealditan izan zen parlamentari, HBren izenean.