Nolanahi ere, Gernikako Estatutuak duela 25 urte bozkatu eta onartu zenean garrantzia eta zentzu handia zuela nabarmendu du buruzagi jeltzaleak, baina Espainiako Estatuak segituan jarri zituela egitasmo hura agortzeko bideak; zehazki, 1981eko estatu kolpe saioaren bidez. "Sorreran Gernikako Estatutuak erabateko zentzu estrategikoa zuen. Gogoratzen dut 1979an ilusio handiarekin bozkatu genuela, eta, halaber, ilusio handiarekin ikusi genuela handik hilabete batzuetara lehendabiziko Jaurlaritzaren eraketa. Baina Jaurlaritza sortu eta 8 hilabeteren buruan estatu kolpe saioa etorri zen, eta estatu kolpe saio haren helburua Estatutuaren bidea ixtea zen. Harrezkero, gurutz-bidea izan da Estatutuaren garapena", esan du Egibarrek.
Hain justu, Estatutuaren aro hori gainditzeko bidean ikusten du EAJko buruzagiak, zehazki, Jaurlaritzaren Estatutu proposamenaren bidez. "Orain aro horrekiko, Estatutuaren garaiarekiko, aldaketa unea ezarriko dugu: herri izaeraren eta erabakitzeko ahalmenaren onarpena. Oinarriak itzulikatu ditugu, jada ez baita Estatua erabakiko duena herria baizik", adireazi du.
Ildo horretatik, Eusko Legebiltzarran Ibarretxeren Planaren tramitazioan SA Sozialista Abertzaleak taldea izaten ari den jarrera kritikatu du Egibarrek.Hau da, buruzagi jeltzaelari ulerkaitza iruditzen zaio SAk Jaurlaritzaren Estatutu Proposamena aurrera joan dadin eta, ondorioz, herri kontsulta egin dadin eragoztea. "Gauza bat da ezker abertzealeari proposamen hori ez gustatzea: neoliberala iruditzea, hezkuntzan edo hizkuntz politikan proposatzen dena ez nahikoa iriztea. Baina, hala bada, eska dezatela ezezkoa edo abstentzioa herri kontsultan, baina eurak izango dira herriari erabakitzeko aukera eragotziko diotenak? PPk eta PSE-EEk hori egitea ulertzekoa da, beren jokoa da, baina SAk eragoztea euskal herritarrek bozka dezaten nahiz eta hiru lurraldetan bakarrik izan? Hori oso larria da", azpimarratu du.
Politika