Enrique Casasen hilketatik hilabetera egin zuen Pasaiako segada Espainiako Poliziak, Guardia Zibilaren laguntzaz. Martxoaren 22an, Pasai Donibaneko faroan itxaron, eta tiroz hil zituzten Rafael Delas Txapas, Jose Maria Izura Pelu, Pedro Mari Isart Pelitxo, eta Dioni Aizpuru Kurro. Zokoatik (Ziburu) zetozen Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak, zodiak batean, Joseba Merinorekin batera. Bizirik utzi zuten bakarra izan zen Merino, beren hitzetan, Casasen hilketarekin lotua zutelako, eta «garaipen mediatikoa» zelako polizientzat bera atzematea. Hori nabarmendu zuten orduko prentsan ere. Atxilotu, eta hamazazpi urte eta erdi igaro zituen kartzelan.
Martxoaren 18an, Rosa Jimeno atxilotu zuten Donostian, eta komandoaren aurkako segada prestatzen laguntzera behartu zuten, torturapean. Zitaren informazioa Jimenori atera ziotela onartu zuten polizia iturrietan oinarritutako komunikabideek ere, torturarik aipatu ez arren. Jimenok eta Merinok azaldu dutenez, Poliziak aurrez begiz joa zuen auto bat mugitzera joan zen Donostiara, nortasun agiri faltsuarekin eta Lapurdin zeuden kideekin hitz egiteko telefono zenbakiekin. «Hilaren 18an izan zen atxiloketa, eta beti esan zidaten 19an izan zela. Bi edo hiru egunera egin zuten publiko», dio Jimenok.
Lanera eta etxera deitzera behartu zuten Jimeno, haurdun zegoen lagun bati lagundu behar ziola, eta egun batzuetan ez zela azalduko esan ziezaien. «Etxean zerbait sumatu zuten. 'Hau atxilotua dago', esan zuten». Donostiako Gobernu Zibilera joan, eta han ez zegoela erantzun zieten. «Irtetean nire autoa ikusi zuten, eta jakin zuten han nengoela». Lau urte eta erdi egin zituen preso.
Torturapean, Lapurdin zeuden kideei deitzera behartu zuten poliziek Jimeno, zita bat jar zezaten. Merinok hartu zion telefonoa: «Pixka bat lehor sumatu nuen, baina ezer arrarorik ez». Ordurako, Ipar Euskal Herrira joana zegoen bera; Casasen aurkako atentatutik bizpahiru egunera egin zuen alde. Polizien irrati frekuentziak entzuteko aparatu bat ahaztu zuten ihesaldian, eta bazekien identifikatua izango zutela.
Hilabete baino gutxiago egin zuen Merinok Ipar Euskal Herrian, eta gainontzeko iheslarien bizimoduan ez zela gehiegi integratu dio. Tarte horretan Poliziak oraindik ez zuen bere nortasuna publiko egin, eta aurreikusia zeukan Hegoaldera igarotzea «pisu batzuk garbitzera». Gainontzeko lau autonomoek pentsatua zeukaten pasatzea: «'Kurrok' esan zidan egun batzuen buruan pasatu behar zirela».
Autonomoen amaiera
Ziburuko Sokoatik atera ziren zodiak batean; aurrez ere eginak zituzten zeharkaldi gehiago itsasoz. Hitzartutako lekura iristean egin zieten segada. «Segada eta fusilatzea izan zen». 70eko hamarkada amaieran hasi ziren sortzen komando autonomoak, eta pixkanaka, sigla berberen pean garatu zuten beren jarduera armatua. Ordurako, ordea, ahultzen hasiak zeuden. 1983an aurreko urtean banaketa izan zuten, eta garai hartan dozena bat kide aktibo geratzen zirela kalkulatzen du Merinok. Pasaiakoa izan zen azken kolpea, eta Pablo Gude Pego Antxon Handi izan zen geratu zen bakarretakoa. Lasarten hil zuen tiroz Guardia Zibilak, abuztuan, lehergailu bat jarri ondoren. «Banaketa eta errepresioa. Ezabatze fisiko eta errepresiboa izan zen».