Joseba Nafarratek azaldu du ez duela eskatzen Rodolfo Ares Barne Sailburuaren dimisioa semeari gertatutakoagatik, baizik eta "hipokrita bat delako eta gezurretan dabilelako".
HamaikaTBk elkarrizketa egin dio Xuban Nafarrateren aitari. Martxoaren 29an, greba orokorraren egunean, gaztea larri zauritu zen. Familiak dio Ertzaintzaren pilotakada batek zauritu zuela. 'Bat eta Bat' saioan (20:45) emango dute elkarrizketa osoa.
Joseba Nafarratek elkarrizketa aurrerapenean adierazi du Aresek errespetua falta erakutsi duela jendearekiko, "Parlamentua erabili duelako gezurrak esateko". Barne sailburuaren dimisioaz gain, inputatzea ere eskatu du, gertaeren "larritasunaren" ondorioz.
Rodolfo Ares Barne Sailburuak agerraldia egin zuen asteartean Gasteizko Legebiltzarrean eta gazteari gertatutakoari buruzko bertsio ofizialari goitik behera eutsi zion. Aresek berretsi zuen gaztea "erori" egin zela eta ertzainek ez zutela "gomazko pilota bat bera ere" jaurti
Guztiz ezberdina da ordea Nafarrateren aitaren eta hainbat lekukoren bertsioa. Ertzainek lau metrotik pilotakada bat eman, lurrean jipoitu eta ahoan grebaren aldeko eskuorriak sartu zizkiotela diote.
Xuban Nafarrateren aitak jakinarazi du, gazteak salatu egingo duela Ertzaintza, ustez lan erreformaren kontrako greba egunean, jasandako erasoagatik. 19 urteko gasteiztarra Zainketa Intentsiboen Unitateara eraman behar izan zuten martxoaren 29an, Ertzaintzaren karga baten ostean. Nafarratek kolpe gogorra jaso zuen buruan, ezkerreko aldeko hezur parietalean, belarriaren ondoan.