Josu Jon Imazek Bizkaiko 24 botoak, Nafarroako 12, Iparraldeko 4, eta Madrileko eta Amerika Latinoko beste 4 boto jaso ditu. Joseba Egibarrek, berriz,Gipuzkoako 14 botoak eta Arabako 13ak jaso ditu.
Bestalde, Xabier Arzalluz eta Joseba Egibarrek datozen lau urteetarako proposaturiko ponentzia politikoa aho batez onartu dute EAJren IV. Batzar Nagusia osatzen duten 670 jelkidek. 160 zuzenketa aurkeztu diren arren ez da oinarrizko aldaketarik izan oinarrizko ponentzia horretan.Aho batez eta txalo zaparrada handi baten artean onartu izan da udazkenaz geroztik EAJko afiliatuek eztabaidatu duten txosten politikoa. 160 zuzenketa eztabaidatu dira, idazketa eta zehaztapenak asko izan dira, betiere, testuaren enborrarekin bat etorri direnak.
'Euskal abertzaletasunaren erronkak XXI. mendean' du izena txostenak, eta oraindik EAJren bozeramaile den Joseba Egibarrek esan duenez, "hobetua" atera da bozketa honetatik. "Koiuntura politikotik haratago doan norabide estrategikoa da onartutako testua, abertzaleen arteko elkarlana beharrezko jotzen duena", batez ere, azken lau urteetan "Espainian izan den atzerapausu demokratikoari erantzuteko". Abiadura eta esparru ezberdinak badira ere, zazpi lurraldeei begirako apustua egiten du EAJk, Egibarrek zehaztu duenez.
"Egiten duguna da apustu bat, nazio kontzepzioa izango duten estrategien bildumaren apustua. Zazpi lurraldek osatutako herri bat gara, nazio bat gara eta horri guztiari begira, nahiz eta aitortu hiru eremu, hiru abiadura, hiru errealitate ezberdin daudela, garbi dago etorkizunari begira badugula bide garbi bat txosten honen eskutik. Eta horregatik esaten dugu abertzaleen arteko elkarlana behar-beharrezkoa dela", esan du Joseba Egibarrek.
Arzalluzen azken hitzak
Abertzaleen arteko elkarlana beharrezkoa da, baina baldintzak jarri dituzte elkarlan hori gauzatu ahal izateko. "Indarkeriarik gabeko eszenatokia izan behar du oinarri, gizarte aniztasuna errespetatu eta azkenean herriaren erabakia izango da errespetatua izan behar dena", esan du Arzalluzek.
Horretarako tresna onartu duten Alderdien Kontseilua izan da, abertzale ez direnei ere zabalik dagoen testua da, baina betiere Euskal Herria aintzat hartzen duten alderdien arteko estrategia edo elkarlana izango litzateke. Lau urtetako norabide politikoa izan da EAJk onartu berri duena. "Garaiak alda daitezke, egoerak baita ere, baina alderdiaren pentsamendu politikoa ez da mugituko", esan du Xabier Arzalluzek.
Xabier Arzalluzek EAJren EBBko lehendakari bezala egin dituen azken hitzak entzuteko aukera izan da gaurkoan, bihar Josu Jon Imazen kargu hartze ekitaldian ez baitu parte hartuko. Prozesu honetan "saltsan sartuta" dagoela esan du Arzalluzek, eta berak aukeratu duela aurrera ez joatea. Arzalluzek erabaki hori hartzeko "arrazoi sendoak" dituela esan du, eta hemendik aurrera alderdia nola uzten duen pozik dagoela.
"Saltsan sartuta nago eta ez naiz akordatzen ere zer daukaten aurrean. Neuk aukeratu dut aurrera ez joatea eta arrazoi sendoak ditut horretarako. Eta nire barruko egoera jakin nahi baduzue, animoz ondo nago eta lasaituta, eta astelehena ikusten dut askatasun egun bat bezala. Hortik aurrera nire bizitza egingo dut, segituko dut, baina ez naiz sartuko karguetan eta horrelakoetan", nabarmendu Arzalluzek.
EAJren IV. Batzar Nagusia
Josu Jon Imaz aukeratu dute EBBko lehendakari
Josu Jon Imaz aukeratu dute EAJren EBB Euskadi Buru Batzarreko lehendakari, boto eskubidea zuten Aberri batzarreko 71 ahaldunetatik 41en aldeko botoa jasota, Bilboko Euskalduna Jauregian egiten ari diren EAJren IV. Batzar Nagusian. Hala ere, bihar eguerdiko 12:00etan egingo dute izendapen ofiziala eta EBBko lehendakari berriak hitza hartuko du ondoren. Honenbestez, 23 urtez EBBko buru izan den Xabier Arzalluzen lekua hartuko du Imazek. Bestalde, Xabier Arzalluz eta Joseba Egibarrek datozen lau urteetarako proposaturiko ponentzia politikoa aho batez onartu dute goizeko saioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu