Josu Urrutikoetxea atera da espetxetik

Herritar batek Paris erdigunean utzitako etxea izanen du obligaziozko bizilekua, eta ordutegi jakin bat errespetatu beharko du. Ez da Frantziako Estatutik ateratzen ahalko.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko uztailaren 30a
16:06
Entzun

Gaur 10:40 aldera atera da Josu Urrutikoetxea Parisko La Sante presondegitik. Laure Heinich abokatuarekin batera atera da, auto beltz batean, espetxeko atarian bilduriko komunikabide ugariren aurrean.

Atzo arratsean jakinarazi zuen Parisko Dei Auzitegiko instrukzio ganberako epaileak euskal presoa libre utziko zutela. Hala ere, ez da osoki libre izanen, mugimendu oro zainduko dion eskumuturreko telematiko bat eraman beharko baitu. Herritar batek etxea utzi dio Paris erdigunean, eta hori izanen du obligaziozko bizilekua. Ordutegi jakin batzuk izanen ditu etxetik ateratzeko, eta debekatua izanen du Frantziako Estatuaren menpeko lurretatik ateratzea.

Dei Auzitegiak uztailaren 1ean erabaki zuen Urrutikoetxea aske uztea eskumuturreko telematikoa ezarrita. Libre uzteko tramite bat bete dute ordutik: La Sante kartzelak epaileen erabakiaren egingarritasuna aztertu du, Urrutikoetxea han baitago preso iazko maiatzetik. Atzo, epaileak jakinarazi zuen aldeko iritzia eman dutela egingarritasun txostenean ere.

Atzoko saioan, Laure Heinich defentsako abokatuak adierazi zuen eskumuturreko telematikoa «alferrekoa» dela, eta nahikoa litzatekeela kontrol judizial arinago bat. Jakinarazi zuen Urrutikoetxeari etxea utziko dion herritarra entzuna izan dela, eta berme guziak betetzen dituela. Eskumuturreko telematikoa ematekotan ordutegi malguak onartzeko eskatu zion epaileari, Urrutikoetxeak unibertsitateko klaseetan segitzeko aukera izan dezan. Azkenean, astean 10:00etatik 12:00etara eta 15:00etatik 20:00etara ateratzen ahalko da, eta asteburuetan, 10:00etatik 16:00etara. Baina ordutegia malgutzeko aukera izanen dela erran zuen epaileak. Fiskalburua eskumuturrekoarekin ateratzearen alde agertu zen, eta eskatu kontuan hartzeko presondegiak osatutako egingarritasun txostena: «Hobeki dago eskumuturrekoarekin, presondegiko lau hormen artean baino».

Prozedura «katramilatuak»

Laurent Pasquet-Marinacce defentsako abokatuak hitza hartu zuen oroitarazteko zertan diren Urrutikoetxearen kontrako prozedurak. «Badu urte bat baino gehiago espainolek dei egin dizuetela bi estradizio eta bi euroagindu ebazteko. Biziki luzea da», adierazi zuen atzo. Epaileari zuzenduta, erran zion auzitegia ez dela berant horren arduraduna. «Autoritate espainiarrak dira. Euroagindu bat ez da onartua; bestearentzat ez dira gai errateko zergatik epaitu nahi duten zehazki». Nabarmendu zuen Espainiarentzat «ikono» bat dela Urrutikoetxea, eta gogora ekarri zuen hura iazko maiatzean atxilotu ondotik Espainiako autoritateek eginiko prentsaurrekoa: «Ikonoa da, ETAk armak uztean izandako eginkizunagatik. Horrek azaltzen du Espainiaren gogoa. Eskaera herrenak dira, ez dira oinarrituak».

Egoitz Urrutikoetxeak, Josuren semeak, oroitarazi zuen prozeduren «katramilatzea» izan zela uztailaren 1ean Parisko Dei Auzitegiak euroagindu bat —Barajasko atentatuagatik gizateriaren aurkako krimenena— bertan behera uzteko argudioetako bat. «Espainiako epaileek ez dizkiete erantzunak nahi bezain azkar eta sendo ematen Frantziako epaileei, eta horrek sakoneko arazo bat irudikatzen du». Eskumuturreko telematikoaren erabakiak horri erantzuten dio, haren iritziz: «Espainiak aski modu presazkoan egin zituen eskariak; azken batean, oinarri juridikoetan bainoago, kontakizunean du iturburua aitak orain pairatzen duenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.