Euskal presoak

Josu Urrutikoetxearen mediku txostena galdu dute, eta bi aldiz atzeratu diote ebakuntza

Etxerat elkarteak Frantziako administrazioen "arduragabekeriak" salatu ditu, eta, besteak beste, horien ondorioz Urrutikoetxeari infekzio bikoitz bat eragin diotela salatu du. "Libre uztea galdegiten dugu, oinarrizko eskubideak bermatzen dituen mediku ingurune batean beharrezkoak dituen artak jaso ditzan".

Frantziako Polizia, La Santeko espetxearen atarian, ekainaren 16an. Urrutikoetxea aske geratzekoa zen, baina DGSIko agenteek atxiki egin dute.
Hodei Iruretagoiena
2019ko abuztuaren 9a
09:38
Entzun

"Onartezintzat" jo du Etxerat elkarteak Frantziako Estatuko espetxe administrazioak eta administrazio judizialak Josu Urrutikoetxearekin izandako jokabidea, "pertsona baten bizia arriskuan" jarri dutela iritzita: "Haien ardurapean dagoen pertsona baten bizia. Egoera honek, gainera, sufrimendu fisikoa eta psikikoa eragiten die berari eta bere ingurukoei". Abuztu hasieran, familiak ere ohartarazi zuen euskal presoaren egoera larriaz.

Zehazki, hiru arduragabekeria salatu ditu euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteak. Batetik, maiatzaren 16an Bonnevilleko epaitegian aurkeztu eta Parisko epaitegira eraman zuten bitartean Urrutikoetxearen mediku txostena "galdu" zutela jakinarazi dute. "La Sante presondegiko mediku zerbitzuek aste luzeak behar izan dituzte mediku txostena berrosatzen hasteko".

Horrez gain, Etxerat-ek salatu du bi aldiz ezeztatu diotela urgentziazko ebakuntza —ospitalearen atarian atxilotu zuten Urrutikoetxea—: uztailaren 15erako programatutakoa, "Justizia zerbitzuen aginduz", eta uztailaren 29koa, "presondegiko administrazioaren axolagabekeriagatik". Urrutikoetxea operazio blokean zegoela gertatu zen azken hori. "Izan ere, La Sante presondegiko zerbitzuek ez zuten gutxieneko sendabide protokoloa abiatua, ebakuntza aurretik jaso behar zukeen prebentziozko antibioterapiarekin". Are, ospitaleko medikuak ohartu ziren beste infekzio bat zuela.

Orain dela bi hilabete eta erdi kendu behar zioten gernu zunda da infekzio bikoitz horren eragilea, Etxerat-ek azaldutakoaren arabera. Infekzioa uztailaren 29an diagnostikatu arren, abuztuaren 3ra arte ez zuten espetxeko erizaindegira eraman, eta abuztuaren 5era arte ez zuten hasi antibioterapia.

Egoera horretan, "zuhurtasunez eta zentzuz" jokatzera eta lanean jarraitzera deitu du Etxerat-ek: "Arduragabekeria hauek guziek arranguraturik, Parisko Dei Auzitegiak ekainaren 19an Josu Urrutikoetxea zaintza judizialpean berehala libre uzteko hartu zuen deliberoa bete dezaten galdegiten dugu".

Sare: "Jarrera gizagabea"

Sare herritarrak ere salatu Frantziako Estatuaren "jarrera gizagabea". Gogora ekarri dutenez, Urrutikoetxeak kalean behar luke, medikuen diagnosiaren arabera: "Gainera, dagokion tratamendua eta beharrezko duen ebakuntza egitea ukatu diote. Horrek kontzienteki Josuren bizia arriskuan jartzea dakar". Hala, Urrutikoetxea eta gaitz larriak dituzten gainerako euskal presoak aske uzteko eskatu du Sarek.

Bake Bideak eta Bakegileek ere "gogor" salatu dute Urrutikoetxearen egoera, eta ebakuntza "berehala" egiteko eskatu dute, baita Parisko Dei Auzitegiaren erabakia errespetatzeko ere: kontrol judizialpean aske utz dezatela.

EH Bilduk eta EH Baik ere ohar bateratu bat atera dute Urrutikoetxearen egoera "kezkagarriaz" ohartarazteko. Maiatzaren 16ko mediku txosten baten arabera, 30 egun baino lehen ebakuntza behar zuela azaldu dute, baina hiru hilabete pasatu arren ez diotela "jaramonik egin sendagileen aholkuei". Bi indar politikoen esanetan, kasu horrek agerian utzi du berriz "euskal preso politikoek bizi eta jasaten duten zinezko egoera: sendagileen arretarik eza, mendeku politika, legeen iruzurra, sakabanaketa eta senideei dakarrena...".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.