Ostiralean BERRIAn publiko egindako Hitzaren eske nator gutunean, Joxe Arregi fraide frantziskotar isilaraziak, Elizako buruzagiek ezarritako isiltasuna hautsi, eta, salatu zuen, Jose Ignazio Munilla Donostiako gotzainak bera deserriratzeko asmoa duela. Antza, frantziskotarren buruei eman die mezu hori, fraidea «ur zikina» dela argudiatuz. Beste hainbat hedabidetan ere agertu da gutuna, eta oihartzun handia izan du. Hartutako erabakiak arazoak ekar diezazkiokeela ondo daki Arregik, baina irmo eutsiko diola esan dio BERRIAri. «Puntu honetaraino heldu banaiz, ondorioak onartzeko asmoz izan da; orain ez dut atzera egingo».
Arregik argitara emandako oharraren harira, Donostiako Elizbarrutiak ohar laburra plazaratu du, eta salatu du «faltsukeria larrietan» oinarrituta dagoela fraide frantziskotarrak argitara emandako idatzia.Elizbarrutiaren oharrean, Joxe Arregik errealitatea «desitxuratzen» duela jartzen badu ere, ez da propio esatenhura deserriratzeko asmoa faltsua denik. Arregik berak zehaztu dunoiz izan zen jazoera, zein testuingurutan: «Ni Ameriketara bidaltzeko kontua, probintzialari eta bikarioari esan zieten, hilaren 7an, arratsaldean».
Ataka zailean dagoela onartzen du fraide frantziskotarrak. Bere ordenaren sostengua sentitzen duela dio, baina egoerak«okerrera» egingo duela irizten dio.«Ziur nago eliz hierarkiak behartuko duela gure probintziala», azaldu du. «Babestuta sentitzen naiz frantziskotarren partetik, baina babes mugatua da, neurri batean, gotzainaren mendean daudelako, edo ordenako arduradun nagusiaren mende». Ingurukoen artean, Arantzazun, ordenakoen artean, giroa «txartzerik» ez du nahi, hori du kezka nagusi, etagertu dago datorrenerako. «Prest nago nire jarrera honek ekarriko didan prezioa ordaintzeko».
Joxe Arregik bere gutunaren bidez jakinarazi duenez, harreman zuzena izan du Munillarekin azkenaldian. «Zenbait elkarrizketa izan dut berarekin, galdeketa zorrotzak, elkarrizketak baino, Eliza Katolikoaren Doktrina eskuetan», azaldu du. «Ez nuen azterketa gainditu, eta ez Doktrina ezagutzen ez dudalako, baizik eta ez dudalako onartzen hori denik garai hauetan kristau fedearen berri emateko balio duen modu bakarra».
Ozpindutako harremana
Munilla Donostiako gotzain izan zitekeela jakin eta berehala ikusi zen ozpindutako harremana zuela Gipuzkoako Elizako hainbat kiderekin, besteak beste, Joxe Arregirekin. Fraide frantziskotarrak argi utzi zuen gotzain berria ez zuela begiko, eta motibo zehatzak eman zituen gainera, horretarako; esate baterako, salatu zuen, Munillak, Zumarragan (Gipuzkoa) apaiz izan zen garaian mafia izeneko dokumentu bat gordetzen zuela ordenagailuan, gogoko ez zituen hainbat apaizen izenekin eta haiei buruzko azalpenekin.
Oihartzuna izan zuen salaketa hark, eta testuinguru hartan, Munilla bera gotzaindu aurretik, aurreko apezpikuak berak, Joan Maria Uriartek, frantziskotarren buruaren bidez, isilarazi egin zuen fraide frantziskotarra. «Baldintza izan zen, behin-behineko isiltasun haren truke ez zirela hartuko neurri zorrotzagoak»,gogora ekarri du orain Arregik. Hain justu, dioenez, baldintza hori bete ez zelako, erabaki du ezarritako isiltasuna haustea. «Ikusi dut neurri zorrotzagoak badatozela, eta libre sentitu naiz ezarritako isiltasun boto horretatik...». Elizaren mendean dauden eremuetan hitza ukatuko bazaio ere, «uzten dioten neurrian», irakaskuntzan segitu nahi du, eta astero argitaratu ohi zituen idatziak argitaratzen. «Datorrena datorrela».
gizartea
Joxe Arregi frantziskotarrak azaldu du ez duela atzera egiteko asmorik
Gipuzkoako Gotzaitegiak ezarritako isiltasuna hautsi zuen atzo BERRIAk argitaratutako gutunean, deserrira bidali nahi zutela esanez, eta gotzaitegiak "errealitatea erabat desitxuratzen" duela leporatu dion arren, berak esandakoa irmoki defendatuko duela esan du, ondorioak pairatu beharko dituen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu