Hendaiako kale lasai batetik zihoan Jose Mari Larretxea motor batean, Ford Talbot zuri batek jo eta eraitsi zuenean. Autoan zihoazen lau lagunek atera berehala jarri zituzten kaputxak. Larretxea jotzen hasi, eta hura bahitzen saiatu ziren. Jendarmeen patruila batek eragotzi zuen, eta erasotzaileak atxilotu zituen. Francisco Alvarezen bertsioaren arabera, bere gizonek nahi gabe jo zuten Larretxea, eta hura laguntzen ari ziren jendarmeak iritsi zirenean.
Jesus Alfredo Gutierrez Arguelles polizia inspektorea izan zen egileetako bat, Javier Lopez Bayeu, Sebastian Sotos eta Jose Maria Ruborekin batera. Baionako Auzitegiak auziari ihes eginda epaitu zituen lau poliziak 1986ko ekainean, bahiketa saioagatik. Espainiako Auzitegi Nazionalak artxibatu egin zuen sumarioa 1990eko otsailean, fiskalak ez zuelako akusaziorik egin, delitua preskribatu egin zela eta –terrorismotzat jo izan balitz, ez zegokeen preskribatuta–.
Ez zuen zigorrik bete bahiketa saioarengatik. 1990ean, ordea, homizidio batengatik bi urteko zigorra ezarri zioten, eta Espainiako Polizia utzi zuen. El Paìs egunkariak argitaratu duenez, baina, Poliziara itzuli da Gutierrez Arguelles. 2010az geroztik, Espainiako Poliziak Bartzelonan duen Komunikazio Zentro Iraunkorreko burua da.
Larretxearekin gertatutakoari pisua kentzea izan zen Espainiako Gobernuaren erreakzioa. Ez zela bahiketa saio bat izan, Larretxearekin hitz egitea beste asmorik ez zutela poliziek. Garai hartan sinesgarritasun gutxi izan zezakeen bertsioak, ordea, guztiz galdu zuen GALen atentatuak pilatuz joan ziren neurrian.
1984ko urtarrilean atxilotu eta Guadalupera deportatu zuten. Guadalupetik Panamarako eta Panamatik Kubarako bidea egin zuen Larretxeak, eta hantxe zendu zen, 1996an. Egunkaria-ri emandako elkarrizketan "aktorerik gabeko epaiketa" izan zela adierazi zuen.