Juan Antonio Zarate da berriro Arabako Biltzar Nagusietako buru

Mahaian alderdi denak daude ordezkatuta, baina postuak ez dituzte banatu boto gehien jasotako zerrenden arabera

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
PPko JuanAntonio Zarate aukeratu dute Arabako Biltzar Nagusietako presidente, bigarren aldiz jarraian. Maiatzeko hauteskundeetan PP izan zen lehen indarra Araban, hamasei biltzarkide lortuta, eta boto gehien jaso zituen zerrenda errespetatuz gero, hari zegokion mahaiko presidentzia lortzea. Atzo, PPren eta PSEren botoak jaso zituen Zaratek: guztira, 25. Pedro Elosegi EAJko hautagaiak, berriz, 24 izan zituen: EAJrenak eta Bildurenak. Ezker Batuko bi biltzarkideek zuri bozkatzea erabaki zuten.

Alderdi horren esku zegoen mahaia eratzeko giltza, bi biltzarkideen botoek erabakiko zutelako presidentzia PPri ala EAJri eman. EBko kideek aurrez esanda zuten mahaian alderdi guztiak ordezkatuta egotearen aldekoak zirela, eta hala gertatu zen atzoko bozketan: mahaiko lehen presidenteorde Eva Jimenez (PSE) izendatu zuten —PSE-EE, PP eta EBren botoekin—, Pedro Elosegi (EAJ) bigarren presidenteorde —EAJ eta Bilduren botoekin—, lehenengo idazkaria Mertxe Etxezarreta (EB) —PP, PSE-EE eta EBren botoekin— eta bigarrena Elena Lopez de Lacalle (Bildu) —EAJ eta Bilduren botoekin—.

Hauteskundeetan ordezkaritza lortu duten bost alderdiek ordezkari bana lortu dute Arabako Biltzar Nagusietako Mahaian, eta beraz, aniztasun politikoa errespetatu egin da. Alabaina, mahaiaren eraketa ez da alderdiek lortutako boto kopuruaren isla. Maiatzeko foru bozetan, PPk hamasei biltzarkide izan zituen; EAJk, hamahiru; Bilduk, 11; PSE-EEk bederatzi; eta EBk, bi. Indar korrelazioa errespetatu izan balitz, EAJrena beharko luke lehen presidenteordea, Bildurena bigarrena, eta PSE-EE eta EBrenak lehen eta bigarren idazkaritzak.

Zaratek presidente moduan esan zituen lehen hitzak jasotako babesa eskertzeko izan ziren.Halaber, hasi berri den legealdian «terrorismoaren amaiera» lortzea espero duela azaldu zuen.

Polemika bozketan

Bilkura hasi orduko, EBko bi biltzarkideengan jarrita zeuden begi guztiak. Haien botoak erabakigarriak ziren mahaiaren eraketan, eta giltzarri izango dira, halaber, ahaldun nagusiaren aukeraketan. Mahaiko presidentea aukeratzean, zuri bozkatu zuten Nerea Galvez eta Mertxe Etxezarreta biltzarkideek, baina presidenteordeen bozketan nahasmena sortu zen. PSE-EEko hautagaiak EAJkoak baino boto bakar bat gehiago eskuratu zuenez, ondorioztatu zen EBko bi biltzarkideek boto bana eman zietela PSE-EEko eta EAJko hautagaiei.

Nahasmenaren ostean polemika etorri zen, bilkura amaituta EBko biltzarkideek azaldu baitzuten haien bi botoak Pedro Elosegi jeltzalearentzat izan zirela, eta ez Jimenez sozialistarentzat. PSE-EEk, bere aldetik, jakinarazi zuen EBrekin akordioa zuela elkarri botoa emateko lehen presidenteorde eta lehen idazkari postuak banatzeko. Akordio horren arabera, gainera, PSE-EEk biltzarkide bat utziko dio EBri, hark talde propioa izan dezan. Bozketan izandako nahasketa argitzeko, botoak berriro zenbatzeko eskatu zuten jeltzaleek; letradunak hala egin zuen, baina emaitza berbera atera zen. Botoa sekretua denez, argitu gabe geratu da bi botoen afera.

Mahaiaren eraketan gertatutakoak ahaldun nagusia aukeratzearekin zerikusirik ez duela argitu zuen EBko Nerea Galvezek. Ohartarazi zuenez, bere taldeak ez du inolako «loturarik» alderdi bakar batekin ere: «Eskuak garbi ditugu. Ez diogu inori ezer zor, eta inork ez dio EBri ezer zor». Inbestiduran ez dutela PPren hautagaia babestuko berretsi zuen, baina argitu gabe EAJren alde egingo duten ala ez.

Bildutik, Gorka Ortiz de Ginea eleduna pozik agertu zen maiatzaren 22an «gehiengo sozialak» aukeratutako aldaketa mahaian islatu delako eta «aniztasuna» bermatu delako. Bilduk «ziklo politiko berriaren» alde lan egingo duela azaldu zuen, eta EBri dei egin zion inbestiduran aro aldaketaren alde indarrak jar ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.