Gizartea

Juan Mari Arzak sukaldaria, 2008ko Euskaldun Unibertsala

"Euskal Herriko tradizio garrantzitsuenetakoa da sukaldaritza, eta mundu mailan berritzaileenetakoa bihurtu du". Arzakek dio saria euskal sukaldaritzak merezi duela. Urriaren 7an izango da sari-emate ekitaldia.

2008ko uztailaren 9a
12:14
Entzun
Gaur jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak zeini emango dioten aurtengo Euskaldun Unibertsalaren saria: Juan Mari Arzak sukaldariari. Euskal Herriaren izena munduan zabaltzen laguntzen dutenei urtero eman ohi die sari hori Jaurlaritzak, Euskadiko Kutxarekin batera. "Arzakek munduko herritarrei gure herriaren zaporeaz dastatzeko eta gozatzeko aukera eman die", esan du Iñaki Agirre Jaurlaritzako Kanpo Ekintzaren idazkari nagusiak gaur, Gasteizen, Lehendakaritzan egindako agerraldian.

Urriaren 7an izango da sari-emate ekitaldia, Gasteizen.

"Euskal Herriko tradizio garrantzitsuenetakoa da sukaldaritza, eta Arzakek garai berrietara egokitu eta mundu mailan berritzaileenetakoa bihurtu du", esan du Agirrek.

1942ko uztailaren 31n jaio zen Arzak, Donostian. 34 urte zituela irabazi zuen lehen saria, eta harrezkero hainbat eman dizkiote: Europako sukaldaririk onena, bi aldiz jatetxe onenaren saria... Donostian dauka 'Arzak' izeneko jatetxea; hiru izar Mitxelin ditu.

Arzakek Euskadi Irratian adierazi du "emozionatuta" dagoela saria jasoko duelako. "Ez dut ulertzen nolatan emango didaten niri. Euskal sukaldaritzak merezi du sari hori".

Iaz Guggenheim Bilboko museoari eman zioten saria. Aurtengoa, hamabigarren edizioa da. Besteak beste, Pedro Miguel Etxenike fisikariak, Xabier Irala enpresariak, Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida artistek, Joane Somarriba eta Juanito Oiarzabal kirolariek, edota Donostiako Orfeoiak ere jaso izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.