Frantziako Poliziak Juan Mari Mujika Dorronsoro ataundarra atxilotu du gaur goizean, Barkoxen (Zuberoa). Polizia operazioa Guardia Zibilarekin batera egin du Frantziako Poliziak. Atxilotu ondotik, Oloroe-Donamariako (Biarno) polizia etxera eraman dute. Itxura guztien arabera, atxiloketa hori zen gaur goizean Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak iragarri duena, gaur ETArekin lotuta "albiste onak" izango zirela esanez.
Polizia iturriek Mujikari leporatzen diote 2001eko hauteskunde kanpainan Jose Maria Aznar Espainiako presidentea hiltzeko atentatu saioan misilak jaso eta entregatzeko ardura izatea. Mujikak berak aitortu duenez, ordea, beldurrez bizi izan da 2008ko abendutik, bi gizonek bahitu eta preso zuen alabaren egoera baliatuz, kolaboratzea eskaini ziotenetik. Beste euskal herritar batzuekin agerraldia egin zuen orduan, poliziak izua zabaldu nahi zuela salatzeko.
Ataundarra da Mujika, baina urte asko bizi izan zen Amezketan (Gipuzkoa). Domintxainera (Zuberoa) joan zen ondoren bizitzera.
Mehatxuak eta proposamena
2008ko abenduaren 11n Mujika Donapaleura joan zen erosketak egitera, eta hiru gizonek, poliziak zirela erranez, haien autora joateko erran zioten. Gero ohartu zen gizon haiek ez zirela frantses poliziak. Itxura guztien arabera, espainiar poliziak ziren.
Handik mendialdera eraman zuten, eta laku baten ondoko etxola batean galderak eta mehatxuak egin zizkioten. Poliziarekin kolaboratzea proposatu zioten, baina Mujikak ez zien berehala erantzun. Lanera joan behar zuela-eta, berriz eraman zuten hartu zuten tokira. Egun hartan bertan, beste hitzordu bat ezarri zioten, baina Mujika ez zen hitzordu hartara agertu.
Geroztik beldurrez bizi zela salatu zuen Mujikak, eta ez zen ausartzen bakarrik inora joatera. Salaketa aurkeztu eta prentsaurrekoa eman zuenetik ez zuela beste mehatxurik ukan argitu zuen Maritxu Paulus-Basurko abokatuak. Baionako instrukzio epaitegia salaketa ikertzen hasi zen. Bi orduz deklaratu zuen epailearen aurrean. "Horrek ez du erran nahi, egileak aurkituko dituztela eta epaiketa eginen dela", esan zuen orduan abokatuak.