Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Sozialeko Aretoak ebatzi du Osakidetzak ez zuela bete lan arriskuen prebentzioari buruzko araudia koronabirusaren osasun krisian. Erabaki du langileek beren burua babesteko ekipamendurik ez izateak «lan arrisku larria eta berehalakoa» eragin ziela haien osasunari.
ESK sindikatuak eman du ebazpenaren berri, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgari eta Osakidetzako zuzendaritzari «beren erantzukizunak beren gain» hartzeko eta dimisioa emateko eskatu die. Sindikatuak osasun arduradunen jokabideaz ohartarazi du: «Azken hilabeteetan egin duten kudeaketa tamalgarriaren ondorioz, Osakidetzako langileen eta bertaratzen diren herritarren osasuna arriskuan jarri du».
Sektoreko sindikatuek jarri zuten Osakidetzaren aurkako salaketa, eta, han zehaztu zutenez, norbera babesteko ekipamenduak falta ziren, babes materiala erabiltzeko protokoloak ez ziren betetzen eta langileei ez zieten egin koronabirusa detektatzeko probarik. Ekainaren 16an egin zuten epaiketa.
Auzitegi Nagusiak bere epaian jasotzen duenez, maskarei eta mantalei dagokienez, Osakidetzak osasun protokoloekin zerikusirik ez zuten erabilera eta garbitze jarraibideak eman zizkien langileei. Materialak behin eta berriz erabiltzeko agindu zien pandemiaren hasieran, horiek eskas ziren garaian; praktika horrek erabiltzaileentzat eta gaixoentzat izan zitzakeen infekzio arrisku posibleak alde batera utzi izana egotzi dio Osakidetzari.
Gainera, epaitegiak berretsi du enpresen jabeen betebeharra dela laneko osasuna behar bezala zaintzea, eta lanean COVID-19arekin aritzeak «laneko arrisku larriaren kalifikazioa» behar duela. Berretsi egin du, halaber, Osakidetzak ez dituela bete laneko arriskuen prebentziorako protokoloak, eta langileak babesteko beharrezko neurri egokiak hartzeko agindu dio.
ESK sindikatuak, nabarmendu du epaiak argi uzten duela Osakidetzako zuzendaritzak arriskuan jarri duela langile guztien osasuna. Gainera, nabarmendu du COVID-19ak eragindako osasun krisiak argi utzi duela Osakidetzak «gabeziak» dituela, eta hura zuzentzen duten pertsonen «kudeaketa arduragabea» izan dela.
«Denbora epe mugatu bateko» gertakizuna
Osakidetzaren balorazioa guztiz bestelakoa izan da, ordea. «Positibo» iritzi dio Auzitegi Nagusiaren epaiari, sindikatuen «eskari gehienak» atzera bota dituelako. Horrez gain, nabarmendu du epaiaren arabera Osakidetzak babes materialekin izan duen jokabidea ezin dela «eskastzat eta antijuridikotzat» hartu.
Epaiak argi utzi du osasun instituzioen arduradunek ez zietela babes material nahikoa eman osasun arloko langileei. Baina hori «gertaera jakin bat, denbora epe mugatu batekoa» izan zela ere badio epaiak, eta hori nabarmendu du Osakidetzak. Sindikatuek kalte-ordainak ere eskatu dizkiote Osakidetzari, eta horiek atzera bota ditu epaileak; hori ere bere aldeko argudio gisa hartu du.
Osakidetzak nabarmendu du epaiak zehazten duela ekintza prebentibo eta epidemiologikoak urtarrilean hasi zirela egiten, eta martxotik aurrera sindikatuei informazioa eman zietela, eta langileen hiru laurdenei PCR probak egin dizkietela. Bere langileak babestea «erabateko lehentasuna» izan dela eta izango dela ere adierazi du.