Durangoko bonbardaketaren erantzuleak auzitara eramateko lehen saioak huts egin zuen, baina herriak "egia eta justizia" ezagutzeko eskubidea duela gogorarazi du Aitziber Irigoras alkateak, bonbardaketa oroitzeko egin dituzten ekitaldietan: "Ekintza krudel hau nork planifikatu, agindu eta burutu zuen jakiteko eskubidea dugu".
Hilerrian hasi dituzte ekitaldiak. Ordurako, goizeko zortziak eta hogeita hamar aldera, sirenak eta ezkilak jotzen hasi dira. Bonbardaketan hildakoei loreak eskaini dizkiete han, eta gero ekitaldi instituzionala egin dute Benita Uribarrena parkean. "Gure seme-alabek beren herriaren historia ezagutzeko eskubidea dute", esan du han Irigorasek. Gaur egun oraindik ikusten diren bonbardaketak, gerrak, errefuxiatuak... gogoan eduki ditu alkateak: "Gure erantzukizuna da begi solidarioz begiratzea horiei".
Eraso hartatik bizirik atera zirenak, hildakoen senideak eta ordezkari politiko ugari agertu dira ekitaldira; han izan da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere. Miren Agur Meabe idazleak testu batzuk irakurri ditu omenaldi horretan.
Gero Gerediaga elkarteak eta Kriskitin dantza taldeak ere omenaldia egin diete hildakoei, Andra Mari elizaren atarian.