Gaur 40 urte bete dira Alonsotegiko (Bizkaia) Aldana tabernan lehergailu bat zartarazi eta lau herritar hil zituztenetik, GAE Talde Armatu Espainiarrak izeneko erakundeak bere gain hartutako atentatuan. Gertakaria gogoratzeko, ekitaldi bat egin dute iluntzean Alonsotegin, eta «justizia» eskatu dute biktimentzat. Izan ere, Espainiako Poliziak ikertu egingo zuela agindu bazuen ere, inoiz ez da ikerketa horri buruzko informaziorik argitaratu, eta ez dute inor akusatu, ezta epaitu ere.
Lau lagun hil ziren atentatuan: Mari Paz Ariño eta Pacifico Fika senar-emazteak, Liborio Arana eta Manuel Santacoloma. Beste hamar pertsona zauritu egin ziren. Ekitaldian, Alonsotegiko alkate Joseba Urbietak oroigarria eman die biktimen senitartekoei, bai eta Aldana tabernaren jabe ziren Garbi Zarateren eta Jose Angel Gonzalezen senideei ere.
Urbietaren esanetan, duela berrogei urte gertatutakoa «ekintza terrorista krudela, koldarra eta gupida bakoa» izan zen, eta «ezabatu ezin daitekeen aztarna» utzi zuen. «Alonsotegik ez du inoiz ahaztuko gertatutakoa, eta ez ditu biktimak inoiz bakarrik utziko», adierazi du.
Alkateak gogora ekarri du inork ez duela «ordaindu» gertatutakoagatik. «Biktimek eta euren senideek ez dute inoiz justiziarik izango gutxienez atentatu haren erantzuleak identifikatu eta erantzukizunak garbitzen diren arte. Bere burua errespetatzen ez duen herri batek baino ezin du onartu horrelako gertakari ikaragarria ondorio barik geratzea».
Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu egon da, eta harekin batera beste hainbat erakundetako ordezkariak, hala nola Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatu Elena Unzueta.
Barakaldoko polizia etxea
Aldana tabernako atentatuaren auzia ez da inoiz argitu, eta ez dago Poliziaren ikerketaren zantzurik ere. Orduan argitaratutako zenbait informaziok, iturri judizialak aipatuz, adierazi zuten Barakaldoko polizia etxeko maila erdiko zenbait buruzagik harremana izan zutela atentatuarekin —garai hartan, eta desanexioa gertatu arte, administrazioak Barakaldoko auzotzat jotzen zuen Alonsotegi—, baina bide horrek ere ez zuen ondoriorik izan.
Aldana taberna oso ezaguna zen Alonsotegiko giro nazionalistan, eta, bezero gehienak EAJtik gertukoak ziren arren, joera guztietako abertzaleak joan ohi ziren hara. Hori zela eta, jabeek mehatxu ugari jasotzen zituzten. Atentatua izan zen gauean jende gutxi zebilen tabernan, inguruko beste batean afari bat egiten ari zirelako; horri eskerrak, sarraskia ez zen handiagoa izan.
2018an, EAJko diputatu Mikel Legardak auziaz galdetu zion garai hartan Espainiako Barne ministro zen Juan Ignacio Zoidori. Ministroak erantzun zuen auzia ez zegoela itxita eta, beraz, Poliziak «ikertzen» jarraitzen zuela, baina ez zuen ikerketa horri buruzko argibiderik eman.