Justizia klimatikoa eskatu diete «planetarekin jolasean» ari direnei

COP28 goi bilkuraren harira, protesta egin dute hainbat eragilek Bilbon. Klima krisirako «konponbide praktikoak» galdegin dituzte, «eta ez adierazpen hutsalak».

Klima Larrialdirako Aliantza
Boteredunak, planetari buruz erabakiak hartzen, gaur eragileek Bilbon egindako protestan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2023ko abenduaren 2a
16:30
Entzun

Traje dotorez jantzitako gizon-emakumeak, norbere herrialde aberastuaren ordezkari, planetarekin jolasean; boterearen harietatik tiraka hasieran, elkarri pilota jaurtiz gero, ostikoka eta bortxaz azkenean. «Neurea da boterea!», esan du batek; «Zuk gehiegi agintzen duzu!», oihukatu du beste batek. Nekatu direnean, boteredunak borobil batean bildu dira, marmarrean ebatzi dute munduaren geroa, eta barre algaraka ospatu dituzte haien erabakiak. Eta, bitartean, herrialde pobretuak lurrean, hilzorian, hitza ukatuta, eta planeta ukitu ezinik. Horrelaxe irudikatu dute gaur eguerdian Bilbon COP28 goi bilkura. Krisi klimatikoaren aurrean, konponbideak eta ez adierazpenak! lelopean, elkarretaratzea egin dute Arriaga plazan, eta justizia klimatikoa galdegin diete «planetarekin jolasean» ari diren eragile politiko eta ekonomikoei.

Dubain egiten ari diren goi bilkuraren harira, nazioartean mobilizatzera deitu du Klima Larrialdirako Aliantzak, eta horren barruan egin dute protesta Bilbon. Hogei kolektibo batu dira elkarretaratzean; besteak beste, Sukar Horia, Fridays for Future, Ekologistak Martxan, Extinction Rebelion, Greenpeace eta Jauzi Ekosoziala talde ekologistak; LAB, ELA, ESK eta Steilas sindikatuak; eta Mugarik Gabe eta Ongietorri Errefuxiatuak eragileak. Klima krisiaren auzian «aurrekaririk gabeko eraldaketa bat» behar dela uste dute, eta horretara bideratutako neurriak eta politikak eskatu dituzte, Joseba Roldanek eta Ainara Plazaolak adierazi dutenez: «Zientzialariei entzunez, osasuna babestuz, desberdintasunak murriztuz eta justizia klimatikoaren alde eginez».

Gogora ekarri dute 2023a «urterik beroena» izaten ari dela, eta honezkero agerikoak direla klima aldaketaren ondorioak: bero boladak, lehorteak, baso suteak, euriteak, uholdeak… «Ez da bidezkoa. Enpresa kutsatzaile handiek, transnazionalek eta Ibex35ekoek milaka milioi euro irabazten dituzte urtero, herritar guztien poltsikoen kontura; eta, aldi berean, klima krisia azkartzen eta desberdintasunak areagotzen dituzte». Hala, «premiazkotzat» jo dute klima krisiari «eraginkortasunez» aurre egitea, eta «pertsonen eta ingurumenaren aldeko trantsizio ekosozial bidezko eta iraunkor bat» abiatzea, «herritarren benetako beharrak kontuan hartuko dituena, eta ez enpresa handien onurak».

Besteak beste, ekintza eta politika zehatzak galdegin dizkiete bai udal gobernuei, bai Eusko Jaurlaritzari, bai Espainiako Gobernuari: «Klima krisiari eta haren inpaktuei aurre egiteko, konponbide praktikoak behar ditugu, eta ez adierazpen hutsalak». Iñigo Urkulluren gobernuari gogora ekarri diote Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «gas igorle handiak» direla, Europako Batasunaren batez bestekotik gora daudela, eta, horregatik, «anbizio eta presa handiagoa» eskatu diote emisioak gutxitzeko jardunean.

Deitzaileen ustez, neurri zehatz horietako batzuk dira ura zaintzea, kutsadura murriztea, justizia klimatikoa sustatzea, lobby ekonomikoen aurka borrokatzea eta klima aldaketaren ondorioak arintzea eta haietara egokitzea. Adierazpen eta bilkura eskubideak errespetatzeko ere eskatu dute, eta elkartasuna helarazi diete COP28 egin bitartean Arabiar Emirerri Batuetan giza eskubideak defendatzeagatik preso daudenei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.