Alberto Ruiz Gallardonen lekua hartu du Justizia Ministerioan, baina, dirudienez, ez ildo beretik. Hain zuzen, kargua hartu eta berehala, Rafael Catala Espainiako Justizia ministro berriak iragarri du bere aurrekoak egindako erreforma bati aldaketak eginen dizkiola: justiziako tasen inguruan«analisia» eta «hobekuntzak» eginen dituela erran du. Ez du zehaztu, dena den, zein aldaketa eginen dituen.
Ministro gisa zein erronkari eginen dion aurre azaldu zuen atzo Catalak, kargua hartzean. Bertzeak bertze, adierazi zuen Zigor Kodea eta Prozedura Kriminaleko Legea berrikusi, Erregistro Zibileko sistema «arin eta eraginkorra» ezarri eta doako justizia sistemak «hobetuko» dituela. Horrez gain, epaile eta fiskal lanpostuak ugarituko dituela agindu zuen, lanik gabe dauden lizentziadunei aterabide bat emateko.
Bestalde, ministro berriak gaineratu du urratsak eginen dituela administrazio «elektronikoa» lortzeko bidean.
Gallardonen justizia tasei buruzko legeari aldaketak eginen dizkiola iragarri arren, Justizia Ministerioan egindako lana eskertu dio Catalak ministro ohiari. Gallardonekin batera, kargua hartzeko ekitaldian izan dira Soraya Saenz de Santamaria Espainiako gobernuko presidenteordea, Carlos Lesmes Auzitegi Goreneko presidentea eta Auzitegi Nazionaleko Jose Ramon Navarro presidenteordea zein Fernando Grande Marlaska Zigor Salako presidentea.
«Kontsentsuaren» bila
Justizian aldaketak eginen dituela adierazteaz gain, Catalak argitu du zuzenbide arloko aditu eta langileekin batera arituko dela elkarlanean, «Espainiako justiziaren erronkei denen artean» aurre egiteko. «Ziur naiz elkarrizketei, kontsentsuari eta akordio komunei esker elkarguneak aurkitzeko gai izanen garela», adierazi du. Izan ere, joan den astean hainbat elkarte eta epailek justizia arloan estatu ituna eskatu zioten Catalari, eta horri erantzunez egin ditu adierazpenok.
Justizia tasak «hobetzearekin» bat adierazi du elkarlanerako prestasuna: hain zuzen, aurreko ministroak lortu ez zuena. Izan ere, Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministro ohiak ezarri zituen justizia tasak orain bi urte, eta zuzenbide arloko profesionalen kexa ugari jaso zuen: epaile, fiskal eta abokatuek egin zuten legearen aurka, bertzeak bertze.
PPren bozekin soilik egin zuen aitzina tasen legeak, eta Espainiako gobernuak «justiziako kolapsoari» aurre egitea hartu zuen hura sortzeko argudiotzat. Praktikan, ordea, justiziarako sarbidea garestitzea eta herritarren justizia eskubidea urratzea salatu izan dute legearen aurkako mugimenduek. Hain zuzen, justiziara jotzeko ordaindu beharra ezartzen du legeak: 100 eta 1.200 euro arteko tasak ordaindu behar dituzte herritarrek justiziara jo nahi izanez gero. Bereziki helegiteei eragiten die.
Nahiz eta Justizia ministroaren aldaketa bereziki Abortuaren Legeak baldintzatu duen, Catalak ez du ezer aipatu gai horren inguruan kargua hartzeko ekitaldian.
Justizia tasak egokituko dituela erran du Rafael Catala ministro berriak
Alberto Ruiz Gallardonen lekukoa hartu duenean iragarri du aldaketa.Zigor Kodea eta Prozedura Kriminaleko Legea ere berrikusiko ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu