Xabier Euzkitze Kalaka ETB1eko eztabaida saioko aurkezleak hilaren 20an BERRIAn zioen artean ez zekitela hurrengo denboraldian saioak jarraituko zuen -"Ez da ohikoa aurtengo egoera. Denboraldi bat bukatzerako beti jakin izan dugu hurrengo urtean jarraituko genuen ala ez. Aurten ez da halakorik"-, eta orain berak jakinarazi bukatu dela Kalaka. Atzo zioen hori Euzkitzek, Noticias de Gipuzkoa egunkariko iganderoko zutabean. "KLK-ren hegaldia etetea erabaki dute. (...) ETBren zuzendaritzak beste apusturen bat du gogoan, eta guri ez zaigu haren epaia onartzea beste erremediorik geratzen".
2006an hasi zen euskarazko programa, eta 154 saio egin dituzte. "Hor geratu da lau urte luzez egin dugun lan emankor eta aberatsa", dio Euzkitzek. "Proiektua agortu dela jakitea baino gogorragoa da artean bizi-bizirik dagoela sinetsita zauden bitartean kendu nahi dutela egiaztatzea, hainbat lankide kale gorrian geratuko direla ikustea".
=bAddio, 'KLK'!=b
(Xabier Euzkitze, 'Noticias de Gipuzkoa', ekainak 27)
Futboleko entrenatzaileen ibilbidearen antzekoa izaten da telebista saioena. Ilusioz beterik aurkeztu, bidean lan bat egin eta, halako batean, nagusiari proiektua agortu dela iruditzen zaionean, paretik kentzen dituzte. Futboleko teknikoek bezala, telebistako langileek ere badakite hari mehe baten gainean egin behar izaten dela lan, oreka zailean. Batzuetan haria etetan da, besteetan gainean dabilena jausten. Proiektua agortu dela jakitea baino gogorragoa da artean bizi-bizirik dagoela sinetsita zauden bitartean kendu nahi dutela egiaztatzea, hainbat lankide kale gorrian geratuko direla ikustea.
154 saiotara heldu da Kalaka. Tartean hainbat eta hainbat gai jorratu ditugu, gizarte-gaiei lehentasuna emanez. Ia erabat ezezagunak ziren hainbat pertsona kalakari ezagun bihurtu ditugu, haiek medioa ezagutu eta denok elkar hartzen ikasiz. Ahalegin berezia egin dugu euskal gizartearen esparru eta ikuspegi guztietako pertsonei hitza ematen, zenbait eremu politikotan euskal hiztunak aurkitzea oso zaila izan arren. Jende interesgarri asko elkarrizketatu dugu: Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Pedro Migel Etxenike, Gerry Adams, Abel Barriola, Mikel Astarlotza... Edozein gisaz, ETBren zuzendaritzak beste apusturen bat du gogoan, eta guri ez zaigu haren epaia onartzea beste erremediorik geratzen. Badakigu zertan dihardugun.
2006. urteko udaberriaz geroztik lankide izan ditudanei mezu labur bat bidali nien, esker onez: KLK-ren hegaldia etetea erabaki dute, baina hor geratu da lau urte luzez egin dugun lan emankor eta aberatsa. Gozamen hutsa izan da zuekin lan egitea. Menturaz, bideak elkartuko gaitu. Eutsi goiari! Izan ontsa! Erantzun hunkigarriak jaso ditut. Edurnerena, esate baterako: ez dago bide beharrik, gu beti elkarrekin egongo gara. Patxo potolo-potolo bat! Astez aste KLK-ri begira egon zaretenoi ere eskerrak eman nahi dizkizuet. Ez dakit bideak zer ekarriko duen, baina beti elkarrekin egongo gara. Izan ontsa!
komunikabideak
'Kalaka' bukatu du ETBk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu