Hondarribiko alardea

Kaleak eta instituzioek txalo

Aurrez inoiz jaso gabeko harrera instituzionala izan du konpainia parekideak. Alkateak, udalbatzako beste hainbat kidek eta Gipuzkoako diputatu nagusiak, besteak beste, txalo egin diote alardeari ere

2. Gernikako Arbola plaza. Aspaldi eskatua zuen Jaizkibelek Gernikako Arbola plazatik abiatzea desfilea; aurten lortu du. GORKA RUBIO / FOKU.
Arantxa Iraola - Irati Urdalleta Lete - Mikel Elkoroberezibar Beloki
Hondarribia
2023ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Milimetroka-milimetroka irabazi ditu Hondarribiko (Gipuzkoa) kaleak Jaizkibel konpainia parekideak azken 26 urteotan. Atzo, baina, milimetroak zentimetro bihurtu ziren. Izan ere, berezia izan zen Jaizkibelen desfilea. Alarde eguna izan zen, eta, beste behin, ehunka emakume soldaduz jantzita atera ziren kalera, azken 26 urteotan egin bezala. Keinuak espero ziren, baita izan ere. Gernikako Arbola plazatik irten zen Jaizkibel; aspaldi eskatua zuten hori, eta atzo lortu zuten. Horrez gain, lehen aldiz Hondarribiko alkateak harrera egin zien, eta eliz atarian, gainera, alardeari ofizialki egin ohi zaion tokian.


Mila lagunek baino gehiagok osatu zuten atzo Jaizkibel konpainia, eta, goizean goiz, Gernikako Arbola plazan elkartu ziren. Txaloak entzun zituzten, baina inguruan zeuden alarde baztertzaileko hainbat kidek bizkarra ere eman zieten. Harresiko Santa Maria atea gurutzatuta, emakumez eta gizonez osatutako desfileak Kale Nagusia hartu zuen. Abiatzeko unean bezala, izan zen bizkarra eman zienik; konpainia parekidearen aldeko pertsona ugariren txaloek izan zuten, ordea, protagonismo osoa. Arma plaza bete zuten, eta Kale Nagusia berriro gurutzatuta, Saindua ermitara jo zuten Jaizkibelekoek.

Ikusi gehiago:Arantxa Iraola: Erretratu bat baino gehiago merezi dute

Kale Nagusiko aldapako leku esanguratsuena eliz ataria izan zen. Alardeari harrera ofiziala egiteko tokia da; udal gobernuak urtero hor egin izan dio oles desfile baztertzaileari, eta inoiz ez Jaizkibeli. Atzo, ordea, eliz atarian zituzten zain Igor Enparan alkatea, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Manuel Lezertua EAEko arartekoa, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordea. Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EEko udal ordezkariak ere bazeuden; EAJkoak, baina, ez ziren han izan. Ondoren, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, Emakundek eta Arartekoak ez zioten harrera egin alarde baztertzaileari; udaleko EAJk eta PSEk, Enparanek, Mendozak eta Ranzek, aldiz, bai.


Udaberrian gertatu zen alkatetza aldaketa Hondarribian. Alardeen gatazka piztu zenetik EAJko alkateak egon dira agintean, eta horiek uzkurrak izan dira beti aldarri parekidearen aurrean. Igor Enparan, ordea, Abotsanitz plataformako ordezkaria da, eta bestelako jarrera izan du. Areago, maiz esan du alarde publiko eta parekide bat duela xede. «Urrats txikiak egin ditugun sentipena daukat», nabarmendu zuen atzo: «Maila instituzionalean urratsak egin ditugu». Hain justu ere, pozgarria iruditzen zaio alderdi guztiak egon izana «harrera instituzionalaren gunean» bi desfileei harrera egiten; gogoratu zuen hori lehen aldiz gertatu dela gatazka hasi zenetik. Argi du keinua ezinbestekoa zela: «Herritar guztiek merezi dute harrera egitea».

Udalbatza, bat eginda

Gainera, udalbatza osoak —EAJ barne— ohar bateratu bat helarazi du asteon. Hau dio: «Udalak eragile guztiekin lan egiteko konpromisoa berresten du, ospakizun honen inguruan dagoen gatazka konpontzeko urratsak egin daitezen. Ziur gaude elkarrizketak bide emango diola legealdi honetan gure hiriak irailak 8 zoriontsu eta adiskidetua ospa dezan».

Mendozak, berriz, atzo nabarmendu zuen aldundiak jarrera «eraikitzailea» izan nahi duela: «Guk gure ekarpena egin nahi izan dugu, elkarrizketaren aldekoa. Eztabaida egiteko alde guztiak aitortu beharrean gaude. Elkar aitortzen ez baldin bada, ez dago eztabaidarik».

Alabaina, Jaizkibeleko ordezkariek desfilea amaitu berritan egin zuten ñabardura. Nora Ferreira kapitainak nabarmendu zuen «oso pozik» zeudela. Izan ere, haren hitzetan, gero eta gehiago dira konpainian, eta «jende asko» zegoen txaloka ere. Gainera, lehenengoz abiatu zen desfile mistoa Gernikako Arbolatik, eta, Guadalupeko botoan ere udalbatzaren atzetik sartu ziren.

Oro ez da urre, ordea. Izan ere, Ane Garcia Jaizkibeleko kideak azaldu zuen alkateak harrera egitea «positiboa» dela. Baina: «Nabarmendu nahi dugu alarde baztertzaileari ere harrera egin diola alkateak, eta, oraindik normaltasunik ez dagoen momentu honetan, guretzat, alarde baztertzaileari harrera egitea ez da hautu neutro bat». Jaizkibelek argi du zer duen ortzi mugan. Ferreira: «Aurrerapausoak egon dira, baina ez dugu ahaztu behar gure borrokan jarraituko dugula. Jaizkibel emakumeen eskubideen alde dago; alardea publikoa izatea nahi dugu, bakarra eta parekidea».

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eguneko «keinuak» goretsi zituen, alkatearen eta ahaldun nagusiaren harrerari erreferentzia eginez: «Keinuak oso garrantzitsuak dira, eta Emakundek asko baloratzen ditu keinu guztiak, baldin eta zubiak eraikitzeko eta elkarrizketarako abaguneak sortzeko badira. Agian keinu txikia izan arren, nahiko nuke denbora gutxi barru benetan motorra bilakatzea berdintasunerantz, eta egiaz eta era eraginkorrean, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortu ahal izatea».

Arartekoak ere Jaizkibeli bakarrik egin zion oles —nahiz eta herenegun igorritako prentsa oharrean ulertzera emana zuen desfile baztertzaileari ere harrera egingo ziola; gaizki-ulertutzat jo zuen hori atzo—. Nabarmendu zuen aurtengo desfilea «berezia» izan zela keinuengatik, eta berak, urtero legez, andreen eskubideak babestu nahi izan zituela.

Alderdiak, berdintasun eske

Alderdi politikoetako ordezkariek ere hartu zuten hitza. EH Bilduren izenean, Maddalen Iriarte Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak aurrerapausoak goraipatu zituen; besteak beste, alkateak eta ahaldun nagusiak Jaizkibel hartu izana. Alabaina, «akatsa» zela nabarmendu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak «egoera berdinean» jarri izana «errealitate honen bi alderdiak»: «Batzuek parekidetasunaren alde borroka egin dute urte luzez, eta beste batzuek, parekidetasunaren aurka. Iruditzen zaigu horrek, neurri batean, parekidetasunaren kontrako konplize egiten dituela. Ez dugu uste legitimoa denik bi egoerak parekatzea, eta hauspotzea bi errealitateak posible direla».

Hala, EH Bilduk «lanean» jarraituko duela berretsi zuen Iriartek: «Ea behingoz, 26 urte igaro eta gero, egoera hau gainditzen dugun eta hemendik aurrera alarde bakarra, publikoa, parekidea eta guztiok batera ospatzeko modukoa erdiesten dugun».

«Egun berezia» izan zen atzokoa, Miren Gorrotxategi Eusko Legebiltzarreko Elkarrekin Podemos-IUko eledunaren esanetan ere, «mugarri bat markatzen duelako borroka feministan, orokorrean, jai parekideak lortzeko». Gogorarazi zuen «alardearen auzian» oraindik badagoela zer konpondua.

PSE-EEko zinegotzi Iosu Alvarezek «errespetua eta elkartasuna» galdegin zituen. Alarde baztertzailea ere hartu izana justifikatu zuen: «Betiko alardeari ere harrera egingo diogu. Gure politika beti biribila da, eta denborak arrazoia eman digu». Gizartearen esku utzi zuen irtenbidea: «Gatazkaren konponbidea gizarteak berak eman behar du. Udaletik lagun dezakegu, baina gizarteak berak egin behar du lana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.