Kalera irten dira Baionan Sophie Loudetteren heriotza salatzeko

Baionako herriko etxearen aitzinera eraman zuten protesta. BOB EDME.
Erredakzioa
Baiona
2011ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Emazteen Mundu Martxako Plataformak deiturik dozenaka herritar elkarretaratu ziren atzo Baionako herriko etxearen aitzinean Sophie Loudetteren heriotza salatzeko. Poliziak joan den ostiralean atzeman zuen emaztearen gorpua haren etxean, eta ondoan bikotekidearena. Autopsiaren emaitzaren berri ez dute eman oraindik, baina, talde feministen iritziz, hilketa matxista baten susmoa nagusitzen da. Izan ere, Polizia ikertzen ari den hipotesi nagusiaren arabera, gizonak emaztea hil eta gero bere buruaz beste egin zuen. Hipotesi hori baieztatzen bada, aurten Euskal Herrian genero bortxaren ondorioz hildako bosgarren emakumezkoa izango da.

Bestalde, genero indarkeria egotzita 22 urteko gizon gazte bat atxilotu zuten astelehen goizaldean Bilboko udaltzainek. Emazteak, 24 urteko andrea,eman zuen abisua; senarrak logelan bultzaka ibili zuela salatu zuen eta ohe gainera bortxaz jaurti zuela. Udaltzainei bere testigantza eman zienean hauek ikusi zuten belaun batean ubeldu bat zuela emakumezkoak. Basurtuko erietxera eraman zuten bertan arta zezaten eta gizona atxilotu egin zuten. Uztailean ere atxilotuta egon zen, orduan ere genero indarkeria leporatuta.

Udan jai giroan izan diren sexu eraso ugariei erreparatuta, berriz, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta ezker abertzaleak gogor kritikatu dute hainbat erakunde publikotatik festei buruz eginiko balorazio «positiboa». Iñaki Azkuna Bilboko alkateak, kasurako, «jai lasaiak eta istilurik gabeak» izan dituztela azaldu du; alderdion ustez, ezin da horrelakorik esan jaietan sexu erasoak eta eraso homofoboak izan direnean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.