Euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria eraiki eta horretarako lan agenda aldarrikatzeko, mobilizaziora deitu du Kalera Kalera dinamikak. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren azken gogoetatik abiatuta, bide orri bateratu bat aldarrikatuko dute euskal preso guztiak kaleratzeko. Bada garaia, presoak kalera lelopean egingo dute manifestazioa, eta dinamikak euskal preso guztiak kaleratu arteko bere konpromisoa berretsi du.
Dinamikak agerraldi bat egin du gaur eguerdian Bilbon, manifestazioa aurkezteko. Abuztuaren 24an izango da martxa —Bilboko Aste Nagusian—, 12:00etan, Plaza Eliptikotik hasita.
Gatazkaren ondorioak "betirako ixtea" beharrezkotzat jotzen dute, eta adierazi dute horretarako ezinbestekoa dela herri mobilizazioa, herritarren aktibazioa eta konponbidearen exijentzia kalean mantentzea. Herritarren parte hartzea eskatu dute "azken presoa kaleratzea aurreikusiko duen bide orria lortzeko", eta, gaur egungo legearen aplikaziorako baldintzak eta posizionamendu politikoak eskatzen dituztenen aldean, "tinko" agertzeko dei egin dute. Gogorarazi dute, kalean dauden euskal herritarrekin ez ezik, preso, iheslari eta deportatuekin batera ere egingo duela bidea ezker abertzaleak.