Debagoienan (Gipuzkoa) irudi ikusgarriak utzi dituzte atzo arratsaldeko ekaitzak eragindako uholdeek. Goiena.eus agerkariaren arabera, Eskoriatzako Arizmendi-Almen ikastolaren kiroldegi atzeko errekak gainezka egin du, eta suhiltzaileak bertara joan behar izan dute.
Kiroldegia urez bete da, eta baita, kanpoko futbol zelaia ere. «Guneak kalte handiak jasan ditu. Azken eguna izanik, pena handiz, ezingo diogu ikasturteari nahi moduan amaiera eman», idatzi dute ikastolako arduradunek.
Herriko Torrebaso industrialdeko garajeetan ere sartu da ura, eta kalteak eragin ditu. Soinu, argiztapen eta ikus-entzunezko zerbitzuak eskaintzen dituen Danatek enpresan, esaterako, 15 bat zentimetroko sakonera hartu du urak. Kalteak handiak izango direla adierazi dute enpresako arduradunek.
Ura sartu da Aretxabaletako Eroski Centerrera ere. Sabaitik sartu da ura, eta langileak garbiketa lanetan ari dira.1.378 metro koadroko salmenta eremua du dendak.
[EURI-JASA] Eskoriatzako Torrebaso industrialdeko garajeetan ur asko sartu da eta kalteak eragin ditu https://t.co/2HekGib9RH
— Goiena Albisteak (@goiena) June 17, 2021
Goienak zabaldu duenez, gaur goizean normaltasunez zabaldu dute saltokia.
Arazoak Nafarroan
Nafarroako Suhiltzaileak dozenaka irteera egin behar izan zituzten atzo arratsaldean, ekaitzaren ondorioz, batez ere, Iruñerrian. Uharte eta Atarrabia artean, bi pertsona erreskatatu behar izan zituzten errekako uharte batetik itzultzeko, uraren maila handitu egin zelako.
Iruñean, hainbat estoldek gainezka egin zuten, eta sartu egin zen San Roke kaleko aparkaleku batean, eta haurtzaindegi batean.
Antzoki bat, Gasteizen
Gasteizko Ipar-Arriaga antzokian sartu zen ura atzo. Horrez gain, hainbat leku ur azpian geratu ziren, tartean Ama Zuriaren plaza, eta Mardones kaleko zati batzuk.
Arratsaldeko 16:00etan hasi zen euri jasa, eta hainbat gunetan ordu erdian 21 litro jaso zituzten metro koadroko.