Kalte ordainak pagatu ditu ELAk, bi kidek kartzela arriskua ez izateko

ERREDAKZIOA BILBO
2008ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Cebek patronalak jakinarazi du «langileen eskubideen aurka» aritzea leporatu diela auzitegi batek ELAko bi kideri. «Epaileak finkatutako kalte ordainak pagatu dituzte, ordea, eta ez dituzte kartzelara bidaliko». Duela sei urte hormigoi eta harrobien sektorean egindako greba dago gatazkaren muinean. ELAk gogorarazi du ugazabek «bortxaketa eta gogorkeria» delitu bat leporatu zietela bi kide horiei, eta espetxeratuak izateko arriskua egon bazegoela. Horrelakorik saihesteko, «bere kideak babestu eta kalte ordainak bere gain hartu dituela nabarmendu du sindikatuak.

Ugazaben ordezkariek auzitegiaren ebazpenaren berri eman eta segituan erantzun du ELAk. «Gatazka 2002tik dator». Patronalak gutxiengoarekin sinatu zuen sektoreko lan hitzarmena, eta sindikatuak grebara deitu zuen. «Bertan, ez zen beste edozein greban gertatzen ez den ezer gertatu», bere garaian ELAko idazkari nagusiaren alboko ohi German Kortabarriaren arabera. Patronalak, baina, «bortxaketa eta gogorkeria» delitua egotzi zien sindikatuko bi kideri.

Egotzitako erantzukizun ekonomikoei aurre egiteko, langile bi horiei ondasun guztiak bahitzeko eta ELA gertatutakoaren erantzule zibil subsidiario egiteko ere eskatuzuen Cebekek. Auzitegiak, ordea, ez du eskaera hori aintzat hartu. «ELAk aferan inolako erantzukizunik izan ez duela ebatzi du epaileak», sindikatuak berak azpimarratu duenez.



LHK-TIK KANPO ORDUZ GEROZTIK. Erantzukizunik ez, baina zigortutako langile bi horiei gertatu ahal zitzaienaren erantzule bihurtzea erabaki du ELAk. Eta, ildo horretatik, bere poltsikotik pagatu ditu auzitegiak finkatutako kalte ordain guztiak -kopurua ez du zehaztu-. Sindikatuak gogorarazi du, gainera, hormigoi eta harrobien sektoreko grebaren harira gertatutakoagatik utzi diola Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) parte hartzeari.

Ez du Cebekekin batera aritu nahi. Patronala, berriz, «gustura» dago auzitegiaren ebazpenarekin. «Hauxe da gatazka koletibo batean zigor kodearen 315.3 artikulua aplikatzen den lehen aldia». Artikulu horrek «greba bat hazteko edo jarraitzeko mehatxuak» zigortzen duela dio. Azaldu du, gainera, ebazpenak finkatu egiten dituela greba eskubideren mugak. «Legearen aurkako iritzi die ELAren ekintzei gatazka hartan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.