Murrizketak. Jaurlaritzaren erantzuna

Kaltetuentzat, osasun txartel berezia

Doako osasun arreta izateko eskubidea galduko luketen pertsonei txartela emango die Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzako eta osasuneko murrizketen eragina jasango duten herritar taldeetako ordezkariak, atzo, Bilbon egindako agerraldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak osasun arloan iragarritako murrizketei aurre egingo die Eusko Jaurlaritzak. Kaltetutako kolektiboen osasun zerbitzu «guztiei» eusteko «konpromisoa» hartu zuen atzo Osasun sailburuorde Jesus Maria Fernandezek, Bilbon egindako agerraldi batean. Horretarako, osasun txartel berezia emango die Jaurlaritzak doako osasun arreta izateko eskubidea galduko luketen pertsonei. «Beste gauza bat da pertsona horiei emango diegun txartelarekin Osakidetzatik kanpo osasun babesa izatea aurrerantzean ere», ohartarazi du. Hala, txartelak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baino ez lirateke erabilgarri izango, Fernandezek dioenez: «Ez dut uste Espainiako lege esparruan eragina izateko aukerarik daukagunik».

Sailburuordeak iragarri duenez, «indarrean dauden legeak oinarri hartuta», osasun zerbitzuak «bermatu» egingo ditu Jaurlaritzak. Hala, Osasun Lege Orokorrak eta EAEko Osasun Zerbitzuen Unibertsalizazio dekretuak «gaur egun martxan dagoen lege esparrua» osatzen dutela gogora ekarri du: «Lege horiek baliatuko ditugu, osasun laguntza unibertsala defendatzeko gure Autonomia Estatutua baliatuko dugun modu berean».

Kolektiboen ahotsa

Joan den apirilaren 20an onartu zituen osasun eta hezkuntza arloko murrizketak Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak, eta atzo berretsi zituen Espainiako Kongresuak. Horren ondorioz, herritarrak botiken truke gehiago ordaintzen hasiko dira uztailaren 1etik aurrera. Elbarrien kasuan, ortopedia protesien salneurriaren zati bat euren gain hartu beharko dute. Halaber, Gizarte Segurantzan kotizatu ez duten 26 urtez gorakoek doako osasun bababesa izateko eskubidea galduko dute. Egoera berean geratuko lirateke inoiz kotizatu ez duten eta banatu diren emakumeak, eta %65eko ezintasun maila baino txikiagoa duten elbarriak.

Paperik ez duten etorkinei, berriz, irailaren 1etik aurrera osasun txartela kenduko diete. Hala, larrialdietan baino ez dituzte artatuko ospitale publikoetan. Horrez gain, Espainiako Osasun ministro Ana Matok iragarri du etorkinek erroldan izena eman ahal izateko irizpideak gogortu egingo dituztela, horren bidez osasun publikorako sarbidea zailtzeko asmoz.

Hori dela eta, kaltetutako kolektiboak ordezkatzen dituzten elkarteetako zenbait kidek hitza hartu dute, Fernandezekin egindako bileraren ostean. Heldu elbarrien federazioko presidente Txema Alonsok esan duenez, lege dekretua ezintasunen bat duten pertsonen aurkako «atentatua» da. «Eskubideak zituzten hiritar oso izatera ohitzen hasiak ginen». Alonsok gogora ekarri du EAEko biztanleen %9k ezintasunen bat duela.

Bestalde, Gazte Kanpusa elkarteko kide David Quintanak adierazi duenez, «ulertezina» da «krisitik irteteko proposamena izatea nahikoa kotizatu ez duten 26 urtez gorako gazteei doako osasun arreta ukatzea, gazteen langabezia maila zein den ikusita».

Bilboko Dahiratou Mouthakhadina elkarteko kide Cheikh Gueyek gogora ekarri du eskubideak galduko dituzten etorkin gehienek aurretik zergak ordaindu dituztela. Haren ustez, dekretu horren bidez gobernuak «hiltzera kondenatuko ditu etorkin asko». «Neurri horrek ez du aurreztea bilatzen, kolektibo zabal bat baztertzea baizik».

Emakundeko zuzendari Maria Silvestrek salatu du, halaber, etxean lan egiten eta «ongizatea sortzen» aritu diren emakume banatuak «euren bikotekide ohien titularitatera lotuta geldituko direla osasun eskubideez gozatu ahal izateko». Azkenik, Osaldeko presidente Juan Luis Uriak jakinarazi du murrizketei «objekzio etikoa» egiteko osasun arloko profesionalen hainbat kolektibori «deia zabaldu diela zuzentzen duen elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.