Kaltzadatarren deklarazioa «mugarritzat» jo dute abokatuek

Servinik tramiteei ekin die Espainian gorpu bat hobitik ateratzeko, kereila jartzaileen ordezkarien arabera

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2014ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
«Euskal Herriarentzat eta kereilarentzat mugarri historiko eta juridiko baten lekuko izan gara». Maria Servini epailearen bisitarekin pozik daude frankismoko krimenen aurka Argentinan jarritako kereilaren abokatuak. Epaileak berak herenegun Donostian adierazitakoaren ildotik, Ana Mesutik eta Maximo Castexek ere uste dute inputazio gehiago hel daitezkeela, baina, horrez gain, bidaiak izan dituen une sinbolikoen inguruan mintzatu dira baikor. Kaltzadatarren astearteko deklarazioa izan zuen ahotan Castexek: «Lehen aldiz, Julen eta Elisa Kaltzadak frankismoko krimen bati buruz hemengo epaitegi batean deklaratu dute, non, eta Gernikan, herriak duen sinbolismoarekin. Epaitegitik beste aurpegi batekin ateratzen ikusi genituen».

Gernikako auzitegiak emandako erraztasunek agerian utzi ditu astelehenean Miranda Ebrokoak jarritako trabak (Burgos, Espainia): Felix Padin bilbotarraren testigantza han jasotzekoa zen Servini, baina erakundeak ez zion baimenik eman. «Kooperaziorako alde biko itunaren arabera ari da Servini urratsak egiten. Epaitegi guztietara igorri ditu jakinarazpenak, eta Mirandan esan dute ez dutela jaso», azaldu du Mesutik. «Ez dut uste jakinarazpena iritsi ez zenik. Ez da kolaboraziorik egon», esan du Castexek.

Edonola ere, epaileak lekukotasunak biltzen jarraituko duela berretsi dute abokatuek: ekain amaieran bideokonferentzia bidezko deklarazioak egitea espero dute, eta kontsuletxeetako bideak ere zabalik jarraitzen duela ekarri dute gogora. «Argentinaren kontsuletxe guztietan testigantzak jasotzeko agindua emanda dago; ez dute zertan biktimen senideek aurkeztu, lekukoek ere eman ditzakete».

Era berean, abokatuen arabera, Serviniren bisitak ondorioak izango ditu epailea Argentinara itzultzean, kereila jartzaileak abenduan Argentinara joan ostean gertatu zen bezala. Adibide gisa, Guadalajaran (Espainia) lurperatuta dagoen gizon baten gorpua hobitik ateratzeko aginduaz jardun da Mesuti: «Biktimaren alabak aita exhumatzea galdegin zuen. Servinik exhorto bat bidali du, eta tramitatzen ari da». Argentinatik bideratutako lehenbiziko exhumatzea litzateke: «Askoren lehena izatea espero dugu».

Euskal Herrian salaketarik ez

Frankismoko krimenen aurkako salaketak Euskal Herriko epaitegietan aurkezteari uko egin diote abokatuek, azken hitza biktimen esku utzi duten arren. Jesus Muñecas Guardia Zibileko buru ohiaren estradizio eskaera aztertzean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak adierazi zuen hari egozten zaizkion delituak arruntak direla eta, beraz, tokian tokiko epaitegietan sala daitezkeela. Mesuti: «Gaiari izkin egiteko modu bat izan zen». Castex: «Uste dut ezin garela tranpa horietan erori, diskurtso zaharra baita hori, betikoa. Ez ginateke argudiootan sartu behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.