Errepideak

Kamioia gidatu bitartean telesail bat ikusten ari zen gidari bat atzeman dute Beran

Istripu ugari izan dituen N-121-A errepidean jarri diote isuna garraiolariari. Larunbatean bi gazte hil ziren bide horretan.

Foruzainen errepide kontrol bat. IñIGO URIZ, FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko urtarrilaren 16a
15:19
Entzun

Foruzainek aditzera eman dutenez, garraiolari bat atzeman dute N-121-A errepidean, Beran (Nafarroan), kamioia gidatzen ari zela, segurtasun uhalik gabe eta tableta batean telesail bat ikusten ari zen bitartean.

Gidaria 40 urteko garraiolaria da, Madrilgoa, eta kamioi artikulatu bat zeraman. Foruzainek 400 euroko isuna jarri diote, eta sei puntu kendu dizkiote gidabaimenean.

Kontrol berean, asegururik gabe zihoan kamioi bat atzeman dute. Adierazi dutenez, lehendik ere beste bitan zegoen zigortuta horregatik. Horrez gain, droga probetan positibo eman zuten lau gidari gelditu zituzten.

N-121-A errepidea Euskal Herriko arriskutsuenetako bat da. Bi gazte hil ziren larunbatean han, 19 urteko mutil bat eta 21eko beste bat, lau autok eta kamioi batek istripua izanda. Hamar urtean 31 lagun hil dira errepide horretan, eta ia 300 lagun zauritu. Behobia Iruñearekin lotzen duen errepide nagusia da N-121-A. Egunean 11.000 ibilgailutik gora pasatzen dira errepide horretatik, eta haietatik 2.500 inguru dira astunak. Bidea berritu eta zabaldu beharra nabarmendu du Nafarroako Gobernuak; mendialdeko udalek, berriz, kamioien trafikoa murrizteko eskatu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.