Belate, bihurguneak korapilo

Behobia Iruñearekin lotzen duen errepide nagusia da N-121-A, baina azken istripuek bidearen segurtasun arazoak azaleratu dituzte. Egunean 11.000 ibilgailutik gora pasatzen dira errepide horretatik, eta haietatik 2.500 inguru dira astunak. Bidea berritu eta zabaldu beharra nabarmendu du Nafarroako Gobernuak; mendialdeko udalek, berriz, kamioien trafikoa murrizteko eskatu dute.

Belate, bihurguneak korapilo.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Iragan larunbateko istripuaren arrastoak ikus daitezke oraindik Olague parean (Anue, Nafarroa). Hiru autok eta kamioi batek talka egin zuten N-121-A errepidean: lehen- bizi, elkar jo zuten Iruñerako norabidean zihoan Mitsubishi markako 4x4 ibilgailu batek eta Behobiako norabidean zihoan BMW markako beste auto batek; lehen kolpe horren ondorioz, baina, BMWak kontrola galdu eta kamioi baten kontra jo zuen aurrez aurre. Bi gazte hil ziren ezbehar hartan: Mikel Manzano, 21 urteko donostiarra, eta Xabier Taberna, 19 urteko Igantziko bizilaguna. Auto berean zihoazen biak. Beste bost pertsona ere eraman zituzten Nafarroako Ospitale Gunera, arin zaurituta.



N-121-A aspaldi bihurtu zen puntu beltz errepide sarean, eta larunbateko ezbeharrak joera hori indartu besterik ez du egin: azken hamarkadan, 2010etik 2019ra, 31 lagun zendu dira bide horretan —epe berean Nafarroako errepideetan hildako guztien %9—. Hamarkada hasi zenetik, gainera, ia urtero handitu da trafiko istripuan zendutakoen kopurua. Zaurituen balantzea ere ez da makala: larri zauritutako 69 pertsona, eta arin zauritutako 222.

Duela hilabete eta erdi, azaroaren 22an, Azpilkueta herriko bi emakumezko hil ziren auto istripu batean, errepide horretantxe. Ostiz herriaren parean gertatu zen ezbeharra, Olaguetik sei kilometro eskasera. Foruzaingoaren ikerketa baten arabera, errepideko zati hori, Ostiz eta Belateko tunelen artekoa, arriskutsuenetako bat da. Ezkaba eta Enderitz arteko zatia eta Almandotz eta Sunbilla artekoa dira beste puntu gatazkatsuak.

N-121-A errepidean dauden arazoak oraingoak ez diren bezala, aspaldikoa da bidea hobetzeko aldarria ere: errepide inguruko udal hautetsiek eta bizilagunek urteak daramatzate konponbide bat eskatzen; orain arte, baina, Belateko errepidearen bihurguneetan katramilatuta gelditu da auzia. Nafarroako Gobernuak lanak egin ditu azken hamarkadetan, eta horien ondorio dira, adibidez, Belateko eta Almandozko tunelak. 1993. urtean hasi zituzten obrak, eta 1997an inauguratu zituzten. Lan horien ondorioz, baina, trafikoak ere gora egin du urtetik urtera, batez ere ibilgailu astunenak. Gaur egun, 11.000 ibilgailu inguru igarotzen dira egunean N-121-A errepidetik; horien laurden bat, kamioiak.

«Odoluste hau gelditu beharra dago», kexatu da Juan Karlos Unanua, Igantziko alkatea. Hangoa da larunbatean hildako gazteetako bat. «Lur jota gaude herrian, albistea asimilatu ezinik; urte hauetan guztietan ez da egoera aldatu, eta hori ere etsigarria da». Atzo bertan bilera bat egin zuten Bortzirietako alkateek eta, besteak beste, N-121-A errepidearen egoeraz hitz egin zuten.

Hautetsien arabera, arazoaren oinarrian dago errepide horrek jasaten duen trafiko handiegia: «Gero eta handiagoa da kamioien kopurua, eta ezin dugu horrela segitu», esan du Berako alkate Aitor Elexpuruk. Horregatik, Nafarroako Gobernuari galdegin diote trafiko astuna eraman dezala Leitzarango autobiara. «2018an, Belateko tuneletan lanak egin zituztenean, mugatu egin zuten kamioien joan-etorria, eta aldea izugarria izan zen. Bada, hortxe dago gakoa».

Nafarroako Gobernuak, baina, ez du halako neurririk planteatu nahi ere. Atzo, Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Zirizak berretsi zuen bere departamentuak «oraingoz» mahai gainean duen aukera bakarra dela errepidea berritzea, eta 2+1 lerroko bide bihurtzea: norabide bakoitzeko errail bana, eta erdiko lerro gehigarri bat, ibilgailuen arteko aurreratzeak errazteko: «Gure helburua da N-121-A errepide osoa homogeneizatzea, luzera osoan hiru lerro ezartzea, eta Ingurumen Departamentuaren oniritzia jaso dugu jada errepideko bi zatitan lanak hasteko». 2018ko abenduan, Espainiako Sustapen Ministerioak hamar milioi euroren diru laguntza onartu zuen obra hori egiteko.

Garraio eredua ezbaian

Nafarroako Gobernuak planteatutakoak, baina, ez ditu Baztango, Bortzirietako, Malerrekako eta Bertizaranako alkateak asebete. Aitzitik, «adabaki» bat dela uste dute. «2+1 formula ez zaigu egokia iruditzen, ez baitu arazoa konponduko», esan du Unanuak. Harekin bat dator Elexpuru Berako alkatea: «Larunbateko istripua gertatu zen, hain zuzen, 2+1 lerroko errepide zati batean; eta azaroan Ostizen gertatutako ezbeharra ere bai».

Igantziko alkatearen ustez, segurtasunari lotutako eztabaidaz harago, «garraio ereduari» eragiten dio auziak: «Gobernuak dio beharrezkoa dela N-121-A errepidea berritzea, Europako garraio sare nagusian mantentzeko, baina gure galdera da: komeni al zaigu hori? Inguruko udalerriontzat ez du inongo abantailarik; kalteak, berriz, bai». Eztabaida sakonago horri heldu bitartean, baina, Unanuak aldarrikatu du «berehalako konponbide bat» beharrezkoa dela, eta konponbide hori «trafiko astuna desbideratzea» dela uste du.

Eztabaidaren beste aldean, kexu azaldu dira garraiolariak ere. Hiru Garraiolarien Euskal Herriko Sindikatuko kide Victor Galarzak esan du N-121-A errepidea «egokia eta erabilgarria» dela. Kamioilari askok nahiago izaten dute hori erabili, Leitzarango autobiako aldapetan gora eta behera ibili baino: «Guk zerbitzu publiko bat ematen dugu, eta errepide horretan ibiltzea ez da gure apeta. Errazena izango litzateke kamioiak N-121-A errepidetik ateratzea, baina guk ere badugu hortik igarotzeko beharra eta eskubidea». Nafarroako Gobernuak planteatutako neurriak egoki ikusten ditu Galarzak eta, hortik harago ere, errepidea autobia bihurtzeko aukera aipatu du: «Autobideak eta lerro anitzeko bideak seguruagoak dira errepide konbentzionalak baino, hori frogatua dago; edonola ere, gobernuak lortzen badu bere proiektua aurrera eramatea, hobekuntza nabarituko dute, bai kamioi gidariek, baita auto gidariek ere». Nafarroako Parlamentuan, Navarra Suma da autobiaren aukerarekin bat egin duen talde bakarra, eta «diru partida ausartagoak» eskatu ditu horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.