Kandela gaua Zaballan, gaixo dauden presoak aska ditzaten

Villefranche-sur- Saoneko euskal presoek jasan erasoak ikertuko ditu presondegien kontrolatzaileak

Gaur eguerdira arte egongo dira Zaballa aurrean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Dozenaka herritar daude atzo iluntzetik Arabako Zaballa espetxe aurrean, gaixotasun larriak dituzten presoak aska ditzatela eskatzeko. 20:00etan abiatu zuen ekinaldia Herrira mugimenduak, eta gaua kandelen argipean igaro ondoren, gaur eguerdian amaituko du. 14 orduz egongo dira protestan; oso gaixo dagoen preso bakoitzeko, ordu batez.

Ez dira, hala ere, egonean egon. Arabako hainbat herritatik espetxe aurrera auto karabana eginda iritsi ondoren, ekimenez betetako orduak igaro dituzte. Kandelekin elkarretaratzea egin eta gero, musika kontzertuen, antzerkien, bertsoen eta bideo emanaldien laguntzaz igaro dute gaua.

Zaballako kartzela aukeratu du Herrira-k protesta berezia egiteko, eta ez da kasualitatea. Bertan dute Txus Martin. Jaiki Hadi sendagile eta psikologoen elkartearen arabera, duen muturreko osasun egoeragatik kartzelatik irteteko premia handiena duen euskal presoa. Buruko gaitz larria du Martinek. Egunetik egunera okerrera egiten ari da, eta, egungo egoeran mantentzekotan, heriotza arriskua ere baduela ohartarazia dute medikuek.

Gaur 11:00etan beste elkarretaratze bat egingo dute protestariek, babes handiarekin, gainera. 35 gizarte eragileetako ordezkariak bilduko dira kartzela aurrean. 14 orduak igarota, 12:00etan amaituko da protesta.

Erasoak, ikerturik

Villefranche-sur-Saoneko (Frantzia) kartzelan diren Ibon Goieaskoetxea, Ruben Ribero eta Julen Mujika euskal preso politikoek jasan erasoei buruzko inkesta abiatuko du kartzelen kontrolatzen dabilen egitura independenteak. Baliteke hiru euskal presoek auzitegira jotzea ere, Herrira eta Etxerat-ek jakinarazi dutenez.

Presondegiko funtzionarioek burutu bortizkeriak salatzeko prentsaurrekoa egin zuten atzo Villefranche-sur-Saoneko presondegi aitzinean. UFAP sindikatuko ordezkariekin biltzeaz gain, kartzelako zuzendariarekin ere lortu zuten bilera. «Zuzendariak azaldu digunez, inkesta bat abiatuko luke, bere hierarkiak hori galdatuz gero», prentsaurrekoan jakinarazi zutenez.

Kartzelako funtzionarioak «legez kanpo» eta «botere abusuan» direla gaitzetsi zuten gogorki. Hain zuzen, ekainaren 30ean senide bati bisita ukatu zioten, portadan pasatzean alarmak jo zuelako. Eskuzko detektagailua ez zuten erabili , legearen kontra joanez. Senideek egoera «umiliagarriak» eta«apalgarriak» jasan behar izana deitoratu zuten.

Bisita egunean gertatutakoa ikusirik, protesta gisa, haien ziegara sartzea errefusatu zuten presoek. Irainak, ukaldi gogorrak eta tuak pairatu eta mitarrean sartu zituzten funtzionarioek. Gatazkaren konponketaren aldeko urratsak ematea exijitu zieten atzo kartzeletako buruzagiei eta gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.